Greba feminista 2018

Martxoaren 8an, greba feminista, nor izateko

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 5a, 14:27

Joan den otsailaren 2an aurkeztu zuten jendaurrean greba feminista. © ECUADOR ETXEA

Datorren eguenean Euskal Herriko lehenengo greba feminista egingo da, "Emakumeok, planto!" goiburupean. Ezohiko greba horretan, produkzioa ez ezik, kontsumo, hezkuntza eta zaintza ere jorratuko dituzte, ekonomiaren erdian bizitza ipintzeko.

Mundu-mailako greba izango da martxoaren 8koa. Iaz Argentinan sustatu eta 70 herrialde baino gehiagotara hedatu zen Emakumeen Munduko Lanuztea. Eragile feministek nazioarteko emakumeen grebarako deialdia zabaldu zuten, Bizirik egon nahi dugu goiburupean. Gaur egungo mundua salatu zuten, emakumeen kontrako indarkeria eta desberdintasun mota asko eragiten duela sinetsita. Aurten, berriz, 177 herrialdetara ailegatuko da protesta, tartean Euskal Herrira. "Lehenengo aldia izango da, baina uste dut historikoa izango dela", iragarri du Malen Lejonagoitia Garmendiak. Ahiztak Sopelako talde feministako kidea greba antolatzen dabil Uribe Kostan, eskualdeko koordinadora feministaren barruan.

Emakumeak geldituz gero...

Grebaren bidez, mugimendu feministak agerian utzi gura du emakume barik herrialdea gelditu egingo litzatekeela. Iritzi horretakoa da Maider Barañano Uribarri. Haziak Algortako gazte feministen taldekideak nabarmendu du orain arteko grebak baliabidea izan direla lan-munduan, soldatapeko lanen eremuan, eta greba honegaz, berriz, gure dena "emakumeok zenbat lan egiten dugun irudikatzea" dela, "soldatapeko lanetan eta soldatapeko lan horietatik kanpo ere, eta greba hau eginez emakumeak geldituko bagara mundua zelan geldituko den".

Zer da lana?

Lejonagoitia bat dator Barañanoren planteamenduagaz. Greba erabili gura dute garrantzia emateko soldatapekoa ez den lanari. "Badirudi hori egin beharra dagoela, tokatu zaigulako, emakumeak garelako, baina ez da horrela. Gu pertsonak gara, denok legez. Eta behar hori lana da, eta denbora kentzen digu. Hori ikusarazi gura dugu".

Pauso bat harago doa Uxune Iriondo Urbistazu Bilgune Feministako kide getxoztarra: "Gezurrezko berdintasun baten mezuagaz nahi gaituzte berriz alboratu, sinetsaraziz gura duguna ikasten dugula, lana eginez aukerak dauzkagula lanpostu berdina edo diru-kopuru berdina izateko, baina soldata-arrakala handia da; emakume asko alarguntzen direnean, bizitza osoan doan egindako lan dena… Betidanik emakumeena izandako lan horrek ez dauka pentsiorik eta hori bizi arteko egoera da, eta sistemari berdin zaio. Gaur egun zer gertatzen da zaintzaren tranpagaz eta baliabideakaz, lan-ordutegiakaz eta soldatakaz? Sistema oso txarto dabil portatzen emakumeakaz; oinarrizko bizitzaren sostenguak gure gainean segitzen du, izan gazte edo zahar. Hori hautsi egin beharra dago". Iriondoren ustean, belaunaldi denak konturatzen direnean emakume izateak batzen dituela eta fronte bat egin behar dutela, euren elkartasuna lantzen, benetako aurrerapausoak emango dituzte.

Hala, dirua beharrean bizitza erdian ipintzea eskatzen du militante feministak. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du enplegu eta bizitza duinak pertsona denei bermatzea. Horren ordez, salatu du morrontza eta beti besteentzat lanean ibiltzea eskaintzen diela sistemak. Gainera, "beti eder egotea eskatzen zaigu, eta tranpa piloa ipintzen digute geure burua ez maitatzeko. Burua bakarrik ez, gure gorputzek mila min bizi dute bizitza osoan eta guk eskubidea daukagu gure gorputzetan zoriontsuak izateko», aldarrikatu du. Baina Gaur egun, deitoratu duenez, «hiltzen gaituzte, bortxatzen gaituzte, iraintzen gaituzte, zapaltzen gaituzte, erabiltzen gaituzte… eta horren guztiaren kontra altxatu behar dugu".

Alternatiba feministaren bidean

Horren aurrean, alternatiba feminista irudikatzen du Iriondok: "Emakumeen arteko batasunak bide bat eman behar digu gizonezkoei erakusteko euren ereduak gerra, gosea, borroka… besterik ez digula eman. Guk ere eduki behar ditugu eskubidea eta aukera erakusteko beste mundu bat posible dela: lurra eta baliabideak zaintzea, gauzengatik ez borrokatzea, emakumeok sarea osatzea... Bakarrik utzi gaituztenean altxatu egin ditugu herriak, berbarako gizonezkoak gerran egon direnean. Aitortza hori merezi dugu. Utzi zaigunean jakin izan dugu munduari buelta ematen. Mundu honi baten batek eman behar dio buelta eta emakumeok ez bagara izango, munduak ez dauka alternatibari", adierazi du getxoztarrak. Izan ere, egueneko grebak helburu asko ditu: indarkeria matxista eta sistema patriarkala salatzea, eta emakumeek jasan behar dituzten zamak ikusaraztea, besteak beste.

Beste eredu bat

Herriz herri antolatutako ekintzakaz osatuko dituzte martxoaren 8ko deialdi nagusiak. Lejonagoitia pozik dago erabili duten ereduagaz: "Antolakuntza oso asanblearioa eta oso horizontala izan da". Herri bakoitzean antolatu eta gero eskualdean batu dira. Goizean goiz hasiko dira mobilizazioakaz, tartean Bizkaiko Zubian. Eguerdian ere eskualdean izango dira protestak. Iluntzean, ostera, Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute. Mobilizazio hori "kolosala eta gehiago" izango dela uste du Iriondok.

Mobilizazioak ia sindikatu denen babesa dauka, greba-deialdien edo lanuzteen bidez. Alderdi politikoen artean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat egin dute grebagaz eta PSE-EEk babestu ditu UGTk eta CCOOk deitutako lanuzteak. Emakunde ere grebalarien aldarrikapenen alde agertu da.

Bestalde, mugimendu feministak argi utzi du "emakume" berba erabili dutela artikulazio politikorako baliagarria delakoan, baina genero-sistema bitarra gainditzen dutenak (bollerak, transexualak, eta abar) grebaren protagonista ere badirela.

M-8ko greba feministarako gida, emakumeentzat eta gizonentzat

Emakumezkoek grebagaz bat egiteko jarraibideak:

  • Lantokietan eta ikasgeletan lanuzteetara batzea.
  • Mobilizazioetara joatea.
  • Amantala edo beste edozein tresna balkoitik eskegitzea, zaintza-lanak azaleratzeko.
  • Kontsumitzeari uztea, "batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak".
  • Greba zabaltzea eta antolaketan parte hartzea.
  • Zaintzeari uztea, behar hori beste emakumeen esku utzi barik.
  • Besoko morea jantzita eroatea.

Gizonezkoek greba egunean egin ditzaketen ekarpenak:

Gizonei lanuzteetan parte ez hartzeko eskatu die mugimendu feministak. Helburuetako bat da emakumeek ekonomian duten pisua erakustea, gizonek emakumeek egin ohi dituzten beharrak egiteagaz batera.

Gizonek ekarpenak egin ditzakete:

  • Seme-alabak zaintzea.
  • Greba egingo duen emakumeren baten laguna izanez gero, euren burua eskaintzea umeak zaintzeko.
  • Euren burua eskaintzea emakumezko lankideen lana egiteko.
  • Lanean erantzukizunak dauzkatenek greba egiteko oztoporik ez ipintzea.
  • Ikaskidea izatekotan, babesa erakustea deialdiari eta grebagaz bat egingo duten emakume ikaskideei.
  • Irakaslea izanez gero, ikasle-zerrenda ez irakurtzea, joango ez direnen falta "justifikatuta baitago".
  • Familian norbaitek zaintzak behar baditu, eta andre batek eman ohi badizkio, lan hori egiten hastea.
  • Emakume bategaz sexu-maitasun harremana edukitzekotan, hari greba egitea erraztea.
  • Komunikabide batean lan eginez gero, andreek ematea greba egunaren eta manifestazioen berri.
  • Elkarretaratze batera joatekotan, entzutea, protagonista ez izatea eta agindurik ez ematea. "Emakumeak dira protagonistak".

Grebaren egitaraua

  • Grebak eta lanuzteak: CNTk eta CGTk egun osoko grebara deitu dute; euskal gehiengo sindikalak, lanuzteetara (11:00-15:00 eta 18:00-22:00), baita CCOOk eta UGTk ere (11:30-13:30 eta 16:00-18:00).
  • 07:30 Areetako Bizkaiko Zubian ekimena. Ezkerraldeko andreen lana ikusaraziko dute.
  • 11:00 Leioako bulebarrean, Andraken elkarretaratzea.
  • 12:00 Algortako Telletxe plazan. Eskualdeko protesta.
  • 12:00 Erandioko Irailaren 23a plazan. Ekitaldia eta martxa Eskuen Lorategiraino.
  • 12:00 Sopelako udaletxean. Itzarturen elkarretaratzea.
  • 20:00 Bilboko Jesusen Bihotzean. Bizkaiko manifestazioa.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun