Uribe Kostako bertsolari gazteak, BBK Sariketako finalaurrekoetara

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 7a, 18:49

Paule Loizaga sopeloztarra atzoko kanporaketan bertsotan. © BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA

Lea-Artibairi irabazi zioten atzo, martitzenean, Markina-Xemeinen jokatutako kanporaketan.

Bertsolari Gazteen XXVI. BBK Sariketako lehenengo fasea amaitu zen atzo: laugarren eta azken kanporaketa jokatu zuten Markina-Xemeingo kultura aretoan, herriko ikastetxe bietako publiko gaztearen aurrean. Kanpoko taldeak, Uribe Kostak, 390,5 puntu batu zituen eta, beraz, finalaurrekoetan egoteko eskubidea lortu dute. Etxekoek, Lea-Artibaiko taldekoek, 343 puntugaz konformatu behar izan zuten.

Uribe Kostako seikotean ondoko bertsolariak egon ziren: Aritz Landeta, Maider Barañano eta Naroa Torralba, 18 urtera artekoetan; eta Paule Loizaga, Unai Mendiburu eta Kerman Diaz, 24 urtera artekoetan. Lea-Artibairen ordezkari, Antton Bereziartua, Eneko Barruetabeña eta Bittor Altube egon ziren gazteetan; nagusietan, Alexander Idoeta, Aitor Ruiz eta Nahia Ibarzabal.

Atzoko saioko aurkezlea Ainhoa Urien izan zen, eta epaimahaia Inazio Vidalek, Juanjo Respaldizak eta Miriam Juaristik osatu zuten. Idazkari lanetan Maddi Ibaibarriaga ibili zen.

Uribe Kostak BBK Sariketako bigarren finalaurrekoa jokatuko du, hilaren 13an, Sopelako Ander Deuna ikastolan, 09:30ean. Hego Uribeko seikotea izango du aurrez aurre. Beste finalaurrekoa, berriz, bezperan, 12an, izango da, Durangon, Durangaldearen eta Busturialdearen artean. Finala 22an izango da, Bilbon.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun