Grebaren egitaraua
- Grebak eta lanuzteak: CNTk eta CGTk egun osoko grebara deitu dute; EHUko Ikasle Kontseiluak lanuzte akademikoa ezartzea eskatu dio unibertsitateari; euskal gehiengo sindikalak, lanuzteetara (11:00-15:00 eta 18:00-22:00), baita CCOOk eta UGTk ere (11:30-13:30 eta 16:00-18:00).
- 07:30 Areetako Bizkaiko Zubian zaintza-ekimena, Ezkerraldeko emakumeakaz batera.
- 09:00 EHUko Leioako campuseko fakultate eta eskoletan, hardbass eta jolas edo eskualn feministak.
- 11:00 Hitzordua Algortako Telletxe plazan, manifestazioa eta eguneko kontuak prestatzeko.
- 11:00 Leioako bulebarrean, Andraken elkarretaratzea.
- 12:00 Algortako Telletxe plazan. Eskualdeko manifestazioa.
- 12:00 Erandioko Irailaren 23a plazan. Ekitaldia eta martxa Eskuen Lorategiraino.
- 12:00 Sopelako udaletxean. Itzarturen elkarretaratzea.
- 12:45 EHUko Leioako campuseko Mikel Laboa plazan, argazkitzarra eta manifestazioa.
- 13:00 Algortako Telletxe plazan, kontzertua, bertsolariak, dj-ak eta mikro irekia.
- 20:00 Bilboko Jesusen Bihotzean. Bizkaiko manifestazioa.
Greba-eskubideak
LAB sindikatuak gida txiki bat prestatu du grebaren inguruko hainbat zalantza argitzeko, beti ere euskal gehiengo sindikalak antolatutako lanuzteei begira:
Euskal gehiengo sindikalak lau ordutako lanuzte bi konbokatu ditu soldatapeko emakume langileek Euskal Herriko mugimendu feministak 12:00etan eta 20:00etan deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko.
Lanuzteak izango dira 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.
Enpresari abisatu behar diot lanuzteetan parte hartu behar badut?
Ez, ez duzu abisatu behar eta galdetzen badizute ez zaude haiei erantzutera behartuta. Argiago esateko, erabakia unean bertan har dezakezu lasai asko.
Eta zerbitzu minimoak baldin badaude?
Enpresak gutxieneko zerbitzua betetzeko izendatzen zaituen jakinarazi behar dizu. Kasu horretan, ezin izango bazenitu lankide gizonezko batekin aldatu, haiek betetzera behartuta zaude. Grebarekin bat egiten duzula eta gutxieneneko zerbitzua zaren adierazteko ikur more bat edo pegatina bat gainean jar dezakezu.
Lanuzte hauetatik zenbat ordu egiten ditudan aukeratu dezaket?
Ez, ezin duzu aukeratu eta zure lan ordutegiagaz bat egiten duten orduak deskontatuko zaizkizu.
Enpresak ordezka nazake?
Ez, inoiz ez, eta "langileen legez kanpoko ordezkatzea" izango litzateke. Horrela gertatuko balitz, guri jakinarazi mesedez.
Lanuzteak egiteagatik kaleratu edo zigor nazakete?
Ez, ezin dute, oinarrizko eskubide bat delako. Egingo balute, beste arrazoi batzuk erabiliko lituzkete. Hau gertatuko balitzaizu, gugaz lehenbailehen harremanetan jarri.
Edozein zalantza izanez gero, enpresako ordezkari sindikalakaz harremanetan ipini edo gure egoitza hurbilenera hurreratu edo deitu.
Zerbitzu minimoak
Eusko Jaurlaritzak martxoaren 8ko greba feministarako gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen aurrekoan. euskal gehiengo sindikalak salatu zuen gobernuak "gogortu" zituela zerbitzu horiek, "emakumeon grebarako eskubidea urratuz". Sindikatuek berehala helegitea aurkeztu zuten ezarritako zerbitzu minimo horien aurka. Bada, ELAk azaldu duenez, daborduko ebazpena atera da eta partzialki onartu dute sindikatuen helegitea. Hala, nagusientzako egoitzetan %50ean ipini dituzte zerbitzu minimoak, aurretik ezarritako %70ekoak jaitsiz. Bestalde, II eta III. Graduko aitortutako menpekotasuna %70etik gorakoa duten erabiltzaileentzako egoitzetan, %80tik %70era jaitsi dituzte.
ELAren arabera, "gutxieneko zerbitzuak txikitzea lortu badugu ere, argi ikusten dugu ezarritako gutxieneko zerbitzuek urratu egiten dutela emakumeon grebarako eskubidea. Gainera, sektore feminizatuenak izan dituzten jo puntuan gutxieneko zerbitzuak zehazterako garaian. Gaineratu beharra dugu egunotan instituzioetatik grebaren aldeko mezu ugari jasotzen egon garela, baina mahai gainean dugun kontuagaz argi geratzen dela aldarrikapenen eta benetako praktika eta jardueren artean dagoen aldea".
M-8ko greba feministarako gida, emakumeentzat eta gizonentzat
Emakumezkoek grebagaz bat egiteko jarraibideak:
- Lantokietan eta ikasgeletan lanuzteetara batzea.
- Mobilizazioetara joatea.
- Amantala edo beste edozein tresna balkoitik eskegitzea, zaintza-lanak azaleratzeko.
- Kontsumitzeari uztea, "batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak".
- Greba zabaltzea eta antolaketan parte hartzea.
- Zaintzeari uztea, behar hori beste emakumeen esku utzi barik.
- Besoko morea jantzita eroatea.
Gizonezkoek greba egunean egin ditzaketen ekarpenak:
Gizonei lanuzteetan parte ez hartzeko eskatu die mugimendu feministak. Helburuetako bat da emakumeek ekonomian duten pisua erakustea, gizonek emakumeek egin ohi dituzten beharrak egiteagaz batera.
Gizonek ekarpenak egin ditzakete:
- Seme-alabak zaintzea.
- Greba egingo duen emakumeren baten laguna izanez gero, euren burua eskaintzea umeak zaintzeko.
- Euren burua eskaintzea emakumezko lankideen lana egiteko.
- Lanean erantzukizunak dauzkatenek greba egiteko oztoporik ez ipintzea.
- Ikaskidea izatekotan, babesa erakustea deialdiari eta grebagaz bat egingo duten emakume ikaskideei.
- Irakaslea izanez gero, ikasle-zerrenda ez irakurtzea, joango ez direnen falta "justifikatuta baitago".
- Familian norbaitek zaintzak behar baditu, eta andre batek eman ohi badizkio, lan hori egiten hastea.
- Emakume bategaz sexu-maitasun harremana edukitzekotan, hari greba egitea erraztea.
- Komunikabide batean lan eginez gero, andreek ematea greba egunaren eta manifestazioen berri.
- Elkarretaratze batera joatekotan, entzutea, protagonista ez izatea eta agindurik ez ematea. "Emakumeak dira protagonistak".