Eguerdiko 12:00etan batu dira 2.500 emakume inguru Algortako Telletxe plazan. "Gu barik mundua ez dabil" eta "gora borroka feminista" oihuen artean abiatu dute martxa, beltzez jantzita eta lazo moreak besapean, Satistegi plazara. Bertan, lehenengo geldialdia egin ostean (enparantza jendez gainezka egon da), San Nikolas plazara abiatu dira. Mobilizazioa hain jendetsua izan da, bigarren geldialdia bertan behera utzi behar izan dutela, Teilagorri plazan kabitzen ez zirelakoan. Hala, zuzenean San Nikolas plazara joan dira, hura ere leporaino bete arte. 13:00ak aldera mobilizazioa amaitutzat eman dute, euren aldarrikapenak irakurri ondoren.
Argazki-galeria:
Mobilizazioan irakurritako testua:
Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, emakumeek* nazioarteko emakumeen* grebarako deialdia zabaldu zuten, emakumeen* kontra indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean.
Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du "EMAKUMEOK* PLANTO" aldarriarekin, mendean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko.
Testuinguru honetan, hainbat indarkeria moldek (sexista, arrazista eta klasista) zeharkatzen gaituzte, haien artean elkar gurutzatu eta behin eta berriz errepikatzen dira. Ez dago hilketa, sexu eraso edo jazarpenik gabeko egunik. Bitartean, hedabideek gure arreta desbideratzen dute, ahaztu eta dirua xahutzera bultzatzen gaituzte. Emakumezkoen* irudiak baliatzen dituzte sexu objektu gisara, eta estereotipo sexistak sistematikoki barreiatzen dituzte. Eskoletan hezkuntza sistema patriarkal eta androzentrikoa nagusitzen da, emakumeen* ekarpen historikoak alboratzen dituena, merkatuko premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituena, eta genero rolak errotzen dituena.
Horrenbestez, Uribe Kostan ere, emakumeek, lesbianek, transek, migratutakoek, gure aniztasun osoan, PLANTO EGINGO DUGU! Diskurtso hutsalak ez zaizkigu jadanik balio:
- Ekonomia eraldatuko dugu. Pertsonen bizitzak eta lurra erdigunean jarriko ditugu. Eta horretarako, egungo jendarte eredua eta eredu ekonomikoa berraztertuko ditugu.
- Atzerritarrei buruzko legea, migrazio politikak eta gizarte politikak etengabe gogortzen eta murrizten ari direla salatzen dugu, horiek guztiek emakumeak* larri erasaten dituztelako.
- Egungo pentsamendu arrazista eta koloniala deuseztatuko dugu. Baldintza berdinetan askotarikoak garelako!
- Indarkeria mota orotatik aske dagoen bizitza nahi dugu.
Hortaz, martxoaren 8 honi begira, Uribe Kostan ere lau haizetara zabaldu dugu grebarako deialdia, gaur ozenki ikusarazi eta aldarrikatzeko gu gelditzen bagara, mundua ere gelditu egiten dela. Gaurkoa borroka eguna da guretzat, eta Algortan egiten ari garen bezala, arratsaldean ere Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.
Greba GUZTIONA DA!
Gora borroka feminista!!!