Gaurko egunean, 1962an, lehendabizi berba egin zen publikoki kontsumitzaileen eskubideez. Garai hartan Estatu Batuetako presidentea zen John Fitzgerald Kennedy bera izan zen hitz horiek esan zituena, historikoa bilakatu zen hitzaldi batean. Kennedyk kontsumitzaileen babeserako oinarrizko printzipio batzuk aipatu eta defenditu zituen: segurtasuna, informazioa, hautaketa librea, prezioen lehia eta gobernuen politiketan kontsumitzaileak aintzat hartzea. 1985ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak kontsumitzaileak babesteko oinarrizko ildo edo eskubide hauek ezarri zituen:
- Oinarrizko beharrak asetzeko eskubidea. Bizitzarako oinarrizkoak diren ondasun eta zerbitzuak edukitzeko eskubidea: elikadura, arropa, etxea, osasuna, hezkuntza, ura, zerbitzu publikoak…
- Osasun eta segurtasunaren babeserako eskubidea. Bizitzarako arriskutsuak edo kaltegarriak diren produktuen aurkako babeserako eskubidea.
- Informaziorako eskubidea. Eskaintzen diren produktu eta zerbitzuen gainean informazio osoa eta egiatia jasotzeko eskubidea.
- Hautatzeko eskubidea. Merkatuko produktuen eta zerbitzuen artean hautaketa libre egiteko eskubidea, arrazoizko prezioetan eta kalitate-bermeagaz.
- Konponketa edo kalte-ordaina jasotzeko eskubidea. Produktu bat akastuna izan edo kontsumitzailearen interesak kaltetzen dituenean konponketa edo neurriko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea.
- Hezkuntza eta norabideratzerako eskubidea. Kontsumitzaile arduratsuak izateko informazioa eta hezkuntza edukitzeko eskubidea.
- Ingurune garbia. Kutsadura bako ingurune batean lan egin eta bizitzeko eskubidea.
Bestalde, EKAk zabaldu duenez, Consumers International erakundeak kanpaina atera du urte osorako, "Kontsumitzaileentzat fidagarria den mundu digitala eraiki" goiburu pean.