Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, laguntza jaso duten 221 hartzailetik 102k murrizketa bat jaso zuten iaz. Plentzian eta Barrikan izan ezik, Mankomunitateko gainontzeko herri denetan egon dira murrizketa jaso duten hartzaileak.
EH Bilduren ustez, beharrezkoa da udal-aurrekontu gehigarrien bitartez diru-laguntza horiek osatzea, "Mankomunitateko udaletan bizi diren gizarte bazterkeria kasuak ekidin edo arintzeko". Izan ere, iragarri dutenez, murrizketa jaso duten 102 eskariak osatzeko 63.417,18 euro falta izan ziren. "Hartzaileentzat murrizketa garrantzitsua den bitartean 7 udalerrientzat kopuru oso txikia da. Kontutan hartu behar da ere Mankomunitateak erabakiko balu laguntzak osatzea, Eusko Jaurlaritzak emandakoaren parte bat ordainduko zuela, esleitutakoaren %30a gainditzen ez duelako", azaldu du koalizio abertzaleak.
Iaz Eusko Jaurlaritzak diru kopuru hauek jarri zituen Mankomunitateko udalen esku: Sopelan 114.451 euro, Gorlizen 58.493 euro, Urdulizen 33.502 euro, Plentzian 45.093 euro, Berangon 59.036 euro, Lemoizen 11.047 euro eta Barrikan 13.220 euro. Denera 334.842 euroko aurrekontua izan du Mankomunitateak Emergentzia Sozialerako Diru-laguntzak kudeatzeko. "Argi dago aurrekontu hau ez dela nahikoa izan eta okerrena da Mankomunitatetik ez zela beste partida baten bitartez osatu", salatu du EH Bilduk.
Emergentzia Sozialeko Diru-laguntzak zenbait gasturi aurre egiteko baliabide nahiko ez duten pertsonei zuzendutako ez aldizkako prestazioak dira, hala nola lehen mailako beharrei aurre egiteko (janztea, hezkuntza, formazioa, osasun arreta...); edo ohiko bizitokiaren mantenurako beharrezkoak direnak: alokairua, hipoteka, ur-gastuak, zaborra, estolderia, elektrizitatea, gasa eta oinarrizko ekipamenduak ordaintzeko.