Zinegoak jaialdiaren lana zerbaitegatik nabarmendu bada azken urteotan, Hedapena zikloaren alde egindako apustuagatik izan da; hau da, Bilbotik harago, ahalik eta udalerri gehienetara zabaltzeko erronka. Aurten 40 herritara zabalduko da jaialdiaren egitaraua. Horrek esan gura du jaialdiak martxoan jarraitzen duela, eta hilabete eta erdi baino luzeagoko jarduera bihurtu dela. Horren guztiaren berri eman digu Zinegoak jaialdiko komunikazio-arduraduna den Julen Nafarrate Aurrekoetxea berangoztarrak.
Zelako harrera eduki du aurtengo Zinegoak jaialdiak? Oso pozik gaude. Alde batetik, jende kopuruari begira, urtez urte gero eta lagun gehiago erakartzen ditu jaialdiak; zinema onaz gozatu gura duen jendea etortzen da emanaldietara. Bestalde, 40 gonbidatutik gora egon dira; horiekaz aukera izan dugu askotariko gai lantzeko. Esaterako, Amina Seboui tunisiarrak bere herrialdean LGTBI komunitateak bizi duen egoeraz berba egin zigun. Oso hausnarketa mamitsuak eduki ditugu, eta ikusleek eduki dute aukera gonbidatuakaz eztabaidatzeko. Emankorra izan da aurtengo edizioa.
Aurreikusitako emaitzak lortu dituzue? Bai. Sobera gainditu ditugu aurtengo aurreikuspenak. Ikusteke dago oraindino Hedapena zikloak zenbat ikusle erakarriko dituen, baina Bilboko jaialdiak izandako emaitzakaz oso pozik gaude.
Aurten hamalau urte bete ditu jaialdiak. Zeintzuk dira orain arteko lorpenak? Zinegoak jaialdiaren helburua da aniztasuna lantzea, kulturaren eta zinemaren bidez. Aniztasunaz berba egiten dugunean, sexu-orientazioa, generoa eta gorputzak dauzkagu buruan; hau da, guretzat aniztasuna aberastasuna da zentzu denetan. Mezu hori ahalik eta publiko zabalago batera iristea da gure xedeetako bat: kultur ekimen bat eskaintzea, baina ez edozein, baizik eta horrek zeharkako mezu bat edukitzea eta hausnarketarako tartetxo bat sortzea, kulturaz gozatzen duzun bitartean.
Hasieran, LGTBI komunitateko kideak edo Zinegoak jaialditik oso hurbil zegoen jendea etortzen zen emanaldietara. Urteakaz, ikusle horiez gainera, eduki horietatik horren hurbil ez dauden lagunak ere etortzen dira. Oso pozgarria da, aukera ematen digulako gizartean gehiago eragiteko.
Zergatik da hain garrantzitsua Hedapenak zikloa? Normalean, herri txikietan edo ertainetan ez da egoten aukerarik horrelako edukiak jasotzeko; herriko zinemetan film komertzialak egon ohi dira, eta gainera, balore konkretu batzuei lotuta. Zinegoak jaialdiko pelikulak beste mota batekoak dira: ez komertzialak dira, beste eduki batzuk lantzen dituzte... Oso interesgarria iruditzen zaigu herri txikietan ere hausnarketa hori zabaltzea, eta ahal den neurrian gure mezua helaraztea. Aurten, inoiz baino herri gehiagotara iritsiko gara; Hego Euskal Herriko 40 udalerritan egongo gara. Txantxetan esan ohi digute munduko zinema-jaialdirik luzeena garela: ia hilabete bi irauten du gure programazioak.
Zer zelako harrera edukitzen dute herrietan egindako emanaldiek? Herri batzuetan oso harrera ona edukitzen du eta beste batzuetan beharbada ez dago horrenbesteko ohiturarik zinemara joateko; oso lotuta egoten da herriaren tipologiagaz edo bertan dagoen elkartegintzagaz. Lanean gogotsu diharduen emakumeen elkarteren bat edo gaiari lotutako eragileren bat dagoen herrietan jende gehiagok parte hartzen du emanaldietan; gauza bera gertatzen da zinema-zikloak egiten diren lekuetan. Hala ere, herririk herri oso ezberdinak dira emaitzak: batzuetan hamar pertsona egoten dira eta beste batzuetan 80 lagun hurreratzen dira.
Bestalde, Zinegoak jaialdiak gero eta proiekzio handiagoa dauka eta ezagunagoa da; horrek asko laguntzen du. Ondorioz, gero eta jende gehiago gerturatzen da saioetara. Bitxikerien artean aipatu behar da Bilboko emanaldietara jende gazteagoa etortzen dela pelikulak ikustera; herri batzuetan, ostera, nagusiagoak izaten dira ikusleak.
Uribe Kostako emanaldiak:
Getxo
Martxoak 15, eguena
- 20:00 "Porkupine Lake" film luzea, Algortako kultur etxean. Sarrera, doan.
Martxoak 16, barikua
- 18:00 "Pria", "Tailor", "Little Potato", "Tarde para el recreo" eta "Princesa de hielo" film laburrak, Algortako Gauegun Gaztelekuan. Sarrera, doan.
Erandio
Martxoak 21, eguaztena
- 18:30-20:30 Film laburrak, Behargintzan (Bekoa ikastetxea). Sarrera, doan.
Martxoak 22, eguena
- 18:30-20:30 Film laburrak, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean. Sarrera, doan.
Leioa
Martxoak 21, eguaztena
- 20:00 "The Migrant Mixtape", "Tailor", "Marguerite", "Little Potato", "Tarde para el Recreo", "Ornitorrinco" film laburrak, Kultur Leioan. Sarrera, doan.
Martxoak 22, eguena
- 20:00 "Hoy partido a las 3" film luzea, Kultur Leioan. Sarrera, doan.
Sopela
Martxoak 22, eguena
- 19:30 "The Migrant Mixtape", "Tailor", "Marguerite", "Little Potato", "Tarde para el Recreo", "Ornitorrinco" film laburrak, Kurtzio kultur etxean. Sarrera, doan.
Informazio gehiago: zinegoak.com