Zozketa Andoainen egin du euskal presoen senide eta lagunen elkarteak, programa informatiko baten bidez eta notario aurrean. Larrabetzuko saridunak diruagaz batera jasoko duen Zigor Merodio artistaren "Erraldoia" litografia erakutsi dute. Denera, 85.000 euro banatu dituzte 139 saritan; horietatik 14 Uribe Kostan egokitu dira, bertan 8.000 euro barreiatuta.
Saritutako zenbakiak dauzkatenek Etxerat-en edozein egoitzatan azaltzeko 60 eguneko epea izango dute. Etxeratek abiarazi zuen Kinkea produktu-promozioa elkartearen jarduera finantzatzeko. Hala, Etxeratek hartu ditu bere gain presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzea, preso eta iheslarien senide eta lagunei asistentzia, aholkularitza eta laguntza eskaintzeaz gainera. Gogorarazi dutenez, Kinkea egitasmoa bat dator sustapen-helburua duten ausazko konbinazioak antolatzeko Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizunetarako Zuzendaritzak agindutako oinarri arautzaileagaz.
Kinkearen lehenbiziko promozio horretan, Zigor Merodio artistak ekoiztutako "Erraldoia" litografia jasotzean, 25 euroren truke, gaurko zozketan parte hartzeko txartel bana entregatu zuten Etxerateko kideek. Bigarren promozioan, bihartik hasi eta ekainaren 21rarte burutuko dutena, Javier Etayo "Tasio" komikilariaren bineta bat banatuko dute.
Uribe Kostan suertatutako sariak
2. mailako saria (5.000 euro)
- 8085 Sopela
3. mailako saria (1.000 euro)
- 8251 Leioa
4. mailako sariak (500 euro)
- 8201 Leioa
- 8834 Getxo
5. mailako sariak (100 euro)
- 6157 Erandio
- 6547 Urduliz
- 7162 Plentzia
- 7388 Plentzia
- 8118 Getxo
- 8189 Plentzia
- 8213 Leioa
- 8381 Getxo
- 8427 Getxo
- 8499 Plentzia