Borja Arbaiza: "Gauzak ikusi eta musika-tresnak bisualizatzen ditut"

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 23a, 11:07

Berangoko Stay and Job egoitzan dauzka bizilekua eta tailerra Borja Arbaiza getxoztarrak. Erabili ezin diren materialakaz musika-tresnak egiten ditu; skate-taulakaz egindako gitarra elektrikoak dira ikusgarrienak.

Skate-taulak erabilita gitarrak egiten ditu Borja Arbaiza gazte getxoztarrak. Berangoko Stay and Job egoitzan dauka tailerra, eta bertan erakutsi dizkigu orain dela urte bitik, proiektua abiarazi zuenetik, egindako lan denak. Gazteak azaldu duenez, Interneten ikusitako bideo batek piztu zion skate-taulak erabilita musika-instrumentu horiek egiteko grina. Gauzak bere kabuz egitea gustatzen zaion pertsona horietakoa da Arbaiza, eta ideia horri helduta, musikaren eta skatearen mundua elkartzea bururatu zitzaion: "Proiektua ikusi bezain laster horretaz maitemindu nintzen; erabilgarria ez den taula bat musika egiteko berreskuratu ahal izatea izugarria da!".

Ideia horri helduta, gitarrei Stratoskater izena ipini die Arbaizak, Fender Stratocaster gitarra-marka ezaguna eta skater izenak nahastuz. Orain dela urte bi ekin zion bideari, eta ordutik gitarra bi egin ditu: "Lehenengoa osatzeko urte eta erdi eman nuen, kontu handiz egin nuelako lan eta hasiera batean ez neukalako oso argi zeintzuk ziren eman beharreko pausoak". Bigarrena, aldiz, lau arrastitan egin ei zuen.  
Jendeak pentsa dezake instrumentu horietatik ezinezkoa dela musika egitea, soinua ona izango ez delakoan; baina ez da hala. Arbaizak gitarra horietako bat erabiltzen du bere musika-taldeakaz zuzeneko emanaldi denetan; "jendea harritu egiten da soinua entzutean". Gainera, gitarrok kontzertuetan erabiltzeko beste abantaila bat eskaintzen dutela azpimarratu du gazteak: "Oso arinak dira, eta bizkarrak eskertzen du hor".

Hasiera batean gitarrak saltzea aurreikusten zuen Arbaizak, baina zozkatzea dauka buruan orain. Soinu-teknikari lanetan dabil gaur egun, eta ez du uste denbora askorik eskaini ahal izango dion gitarrak sortzeari, baina bai apur batzuk egin eta zozkatzeari. "Nire lana ezagutarazteko publizitate moduan ikusten dut hau. Egindako lana erakusteko egiten dut, bitxia delako".

Gitarraz gainera, bestelako instrumentu batzuk ere egin ditu Arbaizak, berbarako perkusiorako "hang drum" bat. Horretarako, konpresio-bonbona bat erabili du. "Hasieran proba egiteko besterik ez nuen egin, baina oso ondo gelditu da". Horretan, zailena notak afinatzea dela aitortzen du, baina egun bitan dena fin-fin uztea lortu zuen. Horrez gainera, laster baxu eta kontrabaxu bana egitea aurreikusten du, longboard eta eski taula bana erabilita. "Gauzak ikusi eta musika-instrumentuak bisualizatzen ditut", dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun