Garai batean ez zegoen neskamerik ez zeukan aberatsen etxerik itsasadarraren eskuinaldean eta, oro har, Uribe Kosta eskualdean; mespretxuz edo ohituraz, horrela deitzen zieten umeen zein adinekoen zaintzaz eta etxeko kontuez (garbitzea, lisatzea, kozinatzea...) arduratu behar izaten zuten emakume beharginei. Orduan bertokoak ziren Ezkerraldetik dirudunen etxeetara lanera joaten ziren andre gehienak, itsasadarra Bizkaiko Zubian zeharkatuz. Batzuek hamabi ordura arteko lanaldiak egin behar izaten zituzten, euren etxeetara joan aurretik. Barneko lanaldian zebiltzanek, ostera, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez lan egin behar izaten zuten. Denboraren poderioz, ozeanoaz bestaldetik etorritako emakumezkoek bete dute esparru hori. Abokatua eta Mujeres con Voz taldeko aholkularia den Liz Quintana Canterok emandako datuen arabera, barneko lanaldian dihardutenen artetik %90-95era ailega daitezke etorkinak: "Esklabotza-lana da". Eguneko beharginen artean, ordea, parekatuta daude bertoko zein beste herrialde bateko jatorria daukaten andreen kopuruak. Hala ere, euren senarrak edo seme-alabak zaintzearen truke sosik irabazten ez duten etxeko langileak ez ditu aipatu barik utzi gura izan letraduak.
Behargin gehienak, etorkinak
Zerbitzu publikoek alde batera utzi dute menpeko egoeran dauden adinekoen zaintza-lana, Quintanak kritikatu duenez. Beraren berbetan, "euren senideek edo hurbilekoek ere ezin dute edo ez dute gura lan horretaz arduratu; errazena etxeko langilea hartzea da". Hala ere, bertoko beharginek aspaldi uko egin zioten lan hori egiteari, baldintzak oso kaskarrak direlako. Ondorioz, emakume etorkinek hartu dute haien lekua; izan ere, atzerritik gurera heltzen diren andre gehienak egoera irregularrean daude, eta aurrera ateratzeko dirua ez ezik, etxebizitza ere behar izaten dute. Horrek denak lan horiek hartzera eroaten ditu Euskal Herrira etorritako emakumeak.
Mehatxuak, xantaia eta erasoak
Legediak ez ditu lan horiek aintzat hartzen: "Asteko 60 orduko lanaldiak legezkoak dira administrazio publikoarentzat", Mujeres con Voz taldeko aholkulariak dioenez. Barneko lanaldian dihardutenek askoz ordu gehiago egiten dute; menpeko egoeran dauden adinekoei gauez ere botikak eman edo pixoihalak aldatu behar zaizkie. Quintanaren berbetan, etorkinen kasuan "enplegatzaileen menpe egoten dira, horiek badakitelako emakumeek lana behar dutela euren egoera erregularizatu ahal izateko". Gutxienez, hiru urte eman behar dituzte leku zehatz batean erroldatuta, euren egoera arautu ahal izateko: "Horrek mota guztietako abusuak ahalbidetzen ditu, Lan Ikuskaritzak eta abarrek beste alde batera begiratzen duten bitartean".
Etxeko ugazabek paperak egingo dizkieten esperantzaz, mehatxuak eta xantaiak ere jasaten dituzte emakumeek; "denbora hori igarotakoan, askotan ez dizkiete egiten", abokatuak salatu duenez. Askotariko arazoak dauzkate etxeko zein zaintzako lanetan dabiltzan andre etorkinek: jarrera arrazistak, zaindutako pertsonen zein gertukoen erasoak eta sexu-abusuak salatu dituzte askok, Quintanak aipatu duenez.
Informazioa eta antolakuntza
Mujeres con Voz taldeko aholkulariaren arabera, etxeko emakume langile etorkinak euren eskubideen jakitun izatea da sor daitezkeen arazoei aurre egiteko modurik onena; eta babesa eskain diezaieketen hainbat eragile daudela ezagutzea ere bai. "Beldurra alde batera uztera eta sor daitekeen legez kanpoko edozein egoera salatzera animatzen ditugu; paperik ez edukitzeak ez du esan gura eskubiderik ez daukatenik", adierazi du Liz Quintanak. Bien bitartean, Mujeres con Voz eta antzeko beste talde batzuek gizartean eta erakundeetan presioa egiten jarraitzen dute, behargin horien salaketak, kexak eta aldarrikapenak heldu behar diren lekura hel daitezen.
Etxeko beharginen eskubideak:
- Kontratazioa
Idatzizko kontratua egon edo ez, lau aste edo gehiago iraungo duen lan-harreman batean, enplegatzaileak lan-baldintzak agertzen diren agiria eman behar dio beharginari.
- Lanaldia
Asteko gehieneko lanaldia 40 ordukoa da, eguneko langileentzat zein barneko beharginentzat, legeak hilabete batean gainditu ezin den asteko batez besteko hogei orduko «egon beharra» baimentzen badu ere. Barneko langileek egunean ordu bi libre eduki behar dituzte otorduetarako, ez direnak lanordutzat joko. Beharginari ezin zaio etxetik ateratzea eragotzi, adostutako egon beharreko orduetan ez bada.
- Lansaria
Astean 40 orduko lanaldirako, hamalau ordainsariko gutxieneko soldata izango da. Astean 40 ordu baino gutxiagoko lanaldia bada, lansaria orduen arabera kalkulatzen da. Egote-aldi orduak egiten badira, gutxienez lanorduaren balio berdina izan behar dute. Langile batek gutxieneko soldata jasotzen badu, 5,76 euro jaso beharko ditu egote-aldi ordu bakoitzeko. Etxeko langileek gutxieneko soldata baino lansari baxuagoa hitzartu arren, ez dute legezko lansaria, atzerapen eta guzti, eskatzeko eskubidea galtzen.
- Kontratuaren bukaera
Probaldia idatziz hitzartu behar da eta ezin da hamabi hilabete baino luzeagoa izan. Langileak kontratua aldez aurreko abisurik gabe jo dezake amaitutzat, bere eskubideak bete ezean. Enplegatzailea behartuta dago langileak probaldian eskainitako lanegun denak ordaintzera, eta aparteko ordainsarien eta oporren zati proportzionala ere bai.
- Gizarte Segurantza
Enplegatzaileak berak eman behar du langilearen alta Gizarte Segurantzan, zerbitzuak ematen hasi aurretik.
- Erreklamazioak
Kaleratua izanez gero, hogei eguneko epean erreklamatzea komeni da; lansarietarako urte batekoa da epea.
- Paperik gabekoak
Gizarte Segurantzan alta ezin eman arren, eskubideak berberak dira: soldata, kaleratzea, lanaldia, atsedenaldiak, jaiegunak, likidazioa eta abar.