Herri-antzerkiaren bidean beste pausu bat ematera doaz Plentziako eta Gorlizko herritarrak. Iaz "Plasentzia 1577" obrak izandako arrakastaren ostean, udagoienean antzerki historikoaren arloan mamitutako fikziozko testu bat taularatzeko prest daude: urriaren 20an, Plentzian antzeztuko dute, eta astebete beranduago, urriaren 27an, Gorlizen. Jokin de Pedrok idatzi duen "Anton Garai kortsarioaren historia" antzezlanean, 1509an modu tragikoan hil zen gorliztarraren bizitza kontatzen da; izan ere, Plentziako itsas museoan zegoen eskuizkribu zaharra lehen aldiz transkribatu ahal izan dute osorik, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako diru-laguntzagaz. Ikerketa horrek Anton Garai gorliztarra 1509an urkabera eroan zuen auzi osoa argitara ekarri du. Gainera, De Pedrok aurreratu duenez, diputazioaren subentzioari esker, liburu banatan argitaratuko dituzte "Plasentzia 1577" eta "Anton Garai kortsarioaren historia" herri-antzezlanak; "ia seguru 2018an", Gorlizen bizi den idazleak aipatu duenez.
Iaz ere urrian aurkeztu zuten "Plasentzia 1577" obra. "Plentzia moduko herri batean plaza 600 ikuslez bete-beterik ikustea neguan oso zaila da, ez bada ikaragarrizko dirutza kobratzen duen artistaren bat ekarri duzula", De Pedrok adierazi duenez. Aurten, baten beharrean emanaldi bi eskainiko dituzte, Anton Garai kortsarioaren historia antzezlanagaz. Horren egileak azaldu digunez, Plentziako eta Gorlizko udalek diru-laguntza eman dute horretarako. "Herri biak elkartzeko ondo etorriko da", uste du testuaren sortzaileak.
Herri-antzerkiaren onurak
"Gainera, herri-antzerkiagaz aprobetxatzen dituzu herrian dauzkazun musikariak, aktoreak, eta abar", Getxo 3 institutuko irakasle izandakoak aipatu duenez. Aurten Lirain abesbatza gorliztarraren laguntza edukiko dute. Hala ere, oraingo honetan, aktoreek kantatu beharrean, gehienbat sarrerarako eta trantsizioetarako erabiliko dute musika, De Pedrok argitu duenez. "Izan ere, obra hau tragikoagoa da; denok dakigu zelan amaitzen den", azaldu du. Ikuskizunaren musika-arloari dagokionez, Iñaki Lagosen zuzendaritzapean egongo da. Bestalde, Alex Ygartua arduratuko da berriro ere zuzendaritza eszenikoaz. Komunikazioan eta sustapen-lanetan Jesus Romo ibiliko da, eta ekoizpena Kultura Elkarrekin Aurreraren (KEA) ardura izango da. Antzerkia egiteko eredu honegaz, herritarren artean sortutako sinergiei garrantzia kendu barik, euskarari egiten zaion mesedea goraipatu du De Pedrok: "Antzerkia egitea ondo dago, baina Plentzia eta Gorliz bezalako herrietan euskaraz egiteak beste bultzada bat ematen dio gure hizkuntzari", nabarmendu du.
Izen-ematea
Apirilaren 22ra arte daukate herri-antzezlan honetan parte-hartu gura dutenek izena emateko epea; obraren gaineko blog berezia sortu dute: antongarai.blogspot.com. De Pedrok adierazi duenez, "lana egon badago": testua daukaten aktoreak, figuranteak, testurik gabekoak, musikariak, attrezzo-laguntzaileak... izan daitezke