Frankismoan zabaldutako zaurien gainean berba egingo dute arrastian Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 13a, 14:52
Alazne Díez Muñiz antropologo eta idazle plenztiarra.

Alazne Díez Muñiz antropologo plentziarrak aurkeztuko du "La memoria, herida abierta. Guerra Civil y franquismo" (Itxi gabeko zauria. Gerra Zibila eta frankismoa) bere liburua gaur arrastian Urdulizko kultur etxean, 18:00etan.

Idazlearen berbetan, Gerra Zibilaren eta frankismoaren "urte lazgarrietan, gizakien inguruan sorrarazi zen jatortasuna eta zitalkeria aztertzen ahalegindu" da lanean. Hala eta guztiz ere, egilearen helburua ez da izan "itxi bako zauri batean eskua sartzea, ezpada, aldi hori zehatz eta sakon aztertzea, mina biziagotu barik eta mina eragin zela aintzat hartuta, zauria behingoan itxi eta etorkizunean berriro ere zabaldu ez dadin".

Plentziako antropologoaren iritziz, oroimena funtsezkoa da gertatutakoak ahaztu ez, baina gorroto bako bizikidetza eraikitzeko. Oroimen historikoa berreskuratzea ez da iraganera begiratzea "gorrotoz eta ezinikusiz betetako ontzi batetik"; aitzitik, "eskubide baten aitorpenean oinarritu behar da eta modua eskaini behar digu egiatan gertatu zirenak ulertzeko eta esperientzia horretatik ikasteko, batetik, iraganeko akats berdinak ez egiteko eta, bestetik, biktimei justizia egiteko".

Liburuaren bitartez, Díez Muñizek Gerra Zibilean jazo diren lau motatako indarkeriazko ekintza jakinak agerrarazi ditu: indarkeria politikoa, egiturazko indarkeria, indarkeria sinbolikoa eta eguneroko indarkeria, batik bat, ikerketaren helburu erabili dituen langileen batailoietan eta, modu berean, frankismoak iraun zuen aldi osoan eta "gizakien inguruan sorrarazi zen jatortasun eta zitalkeriaz blaitutako sasoi hartan".

Alazne Díezen iritziz, "pairatutako min bizi horrez gainera, galtzaileei ezarritako isiltasuna kontuan hartu beharra dago, malkoak jendaurrean ezkutatzeko ezinbestekotasuna eta informazioaren desitxuraketa; azkenak biktima bihurtu nahi izan zituen askotan indarkeriaren eragileak".

Guztiaz ere, liburuaren egilearen beste helburuetako bat izan da, bake iraunkorra erdiesten laguntzea. Izan ere, gertatutakoek atzeraldirik ez dutela kontuan hartuta, adiskidetzearen edo bakezkoak egitearen garrantzia nabarmendu du.

Hamaika elkarrizketetan jasotako lekukotasunak direla medio, Díezek erakutsi du oinaze hura pairatu zutenak moldatu zirela bizitzan, tolerantziaz jokatu zutela, mingostasun, aiherkunde edo mendeku-goserik izan ez zutela; horregatik, horiek guztiak eskuzabaltasun-eredu bikaintzat jo ditu, hurrengo belaunaldientzat.

Idazlea

Alazne Díez Muñiz (Plentzia, 1946) "La memoria, herida abierta. Guerra Civil y franquismo" liburuaren egilea, Soziologia eta Gizarte eta Kultura Antropologiako lizentziaduna da, UNED unibertsitatetik. Modu berean, Antropologiako doktorea da, Deustuko Unibertsitatetik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun