Marian de la Fuente hil da

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 14a, 15:16

Marian de la Fuente Pampliega euskaltzale erandioztarra gaur goizean zendu da, 49 urte zituela. De la Fuente Altzaga auzoko bere etxean hil da, gaixotasun larri baten ondorioz. Hurkoek zabaldu dutenez, hil-beila gaur hasiko da 16:00etatik aurrera, Sarria tanatorioan, Algortako etorbideko 61. zenbakian. Domekan ere izango da bertan azken agurra emateko aukera. Elizkizunak, ostera, astelehenean izango dira Altzagako San Agustin elizan, 19:00etan.

Marian de la Fuentek urte mordo eman zuen euskalgintzan beharrean. AEKn irakasle izan zen eta Berbots Erandion Euskaraz euskaltzaleen topaguneko aurpegi ezagunenetako bat izan da urteotan. Komunikabideen arloan ere, Justuri irratiko proiektuan buru belarri jardun zuen eta bertatik jaio zen HIRUKA komunikazio-taldea eratzen lagundu zuen. Modu berean, bere ekarpena egin zuen euskal kulturgintzako eta eskubide zibil eta politikoak defendatzeko ekimen oro aurrera egin zezan. Izaera alai, abegikor eta eskuzabal izanda, ideologia denetako jendea eroso sentiarazteko trebetasuna zeukan.

Getxoko Udaleko behargina ere izan zen azken urteotan, Itzubaltzeta/Romoko kultur etxeko atezain.

Gaur goizean, Berbotseko kide eta lagunek agurtu dute sare sozialetan, egindako beharra eta emandako maitasuna eskertzen. Horiei batu zaie Paul Bilbao Sarria, Kontseiluko idazkari nagusia. Bilbaok goraipatu du De la Fuenteren izaera: "Euskaltzale handi, zintzo eta jatorra joan da", azpimarratu duenez.

Erandioko Sortuk ere bere esker ona adierazi dio irudi baten bidez:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun