ItzubalTxiki joan den 2015ean sortu zuen begirale-talde batek, auzoko 5 eta 15 urte arteko neska-mutilentzako aisialdi alternatiboa eskaintzeko: "euren arteko harremanak sustatu ahal izateko". Izan ere, herriko umeez eta gaztetxoez hausnartzen, jagole-taldeak zenbait gabezi topatu zuten. Orduan azaldu zutenez, uste zuten gaztetxoek "herrian parte hartu behar dutela, ekintzak parekidetasunean egin beharko lituzketela, inklusioa bilatu behar genuela, ama lurraren defentsa eta, nola ez, euskara eta euskal kulturaren sustapena ere bai". Hori dena bideratzeko sortu zuten ItzubalTxiki.
Zapaturo batzen dira, arrastietan, olgatzeko. Horretarako, Itzubaltzeta Gaztetxeak utzitako Merkel Etxea eta Santa Eugenia plaza erabiltzen ohi dituzte.