Bilbon egindako saioagaz hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarriko Fasea joan den zapatuan, hilak 14, eta uribekostar bat izan zen irabazle: Ekaitz Larrazabal "Katxo". Guztira 160,5 puntu lortu zituen Larrazabalek, aste-akabuko bigarren kopuru handiena, domekan gailendu zen Malen Amenabar larrabetzuarrak eskuratutakoaren ondotik. Batez ere bakarkakoan nabarmendu zen Larrazabal.
"Katxo" ez ezik, Uribe Kostako beste bertsolari bik ere jardun dute txapelketako lehenengo saio-sortan: Maddalen Ruesgas berangoztarrak Bilbon eta Iñigo Kortazar algortarrak Derion. Biak ere bosgarren geratu ziren euren saioetan, Ruesgasek 134,5 puntu lortuta eta Kortazarrek 149. Berangokoak oso ondo hasi zuen saioa, onenetakoa izan baitzen zortziko handian, baina gero gainbehera egin zuen.