Hurrengo saioa eguenean, hilaren 19an, izango da, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak aurkeztuko duen "Walls/Muros" lanaren proiekzioagaz. 19:00etan jarri dute hitzordua, gaztetxean bertan.
Hurrengo egunean, barikuan, Tolosatik etorritako Glaukoma taldea igoko da Gorlizko Eliz plazan jarriko duten oholtzara. DJ Brim gorliztarrak irekiko du saioa, 21:00etan, eta ondoren tolosarrek jarriko dituzte neska-mutil denak dantzan, 22:00etatik aurrera. Saioa itxia izango da, karpa baten barruan; hartara, interesa dutenek sarrera erosi beharko dute, 8 euroan aldez aurretik eta 10 euroan egunean bertan. Sarrerak Tsunami(Gorliz), Batela(Plentzia), Hator (Algorta) eta Laiak (Sopela) tabernetan eros daitezke. Glaukomaren ondoren DJ Brim eta DJ Jo Ta Txok arituko dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gorlizko Udalak goizaldeko 03:00ak arte mugatu du ordutegia, "hala ere, zapatuan indar berriekin hartuko diogu ospakizunari".
Hala, zapatuan, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizeko 12:30ean Antxo eta Pantxa pailazoak arituko dira Gorlizko Eliz plazan. Ordu erdi beranduago, triki-poteoa ekingo diote Gorlizetik, kalerik kale. Ondoren, herri-bazkaria eta gero jokoak egingo dituzte, 15:00etan. Tripak ase ostean, Ttek elektrotxarangak gaztetxerako bidean lagunduko ditu bazkarian bildutako denak, 19:00etatik aurrera. 21:00etan V. urteurrenari lotutako ekitaldia egin eta ondoren kontzertuak hasiko dira gune autogestionatuan, 23:00etatik aurrera. Bertan izango dira Zipote Records eta Urrats Erromeria taldeak.