Eguen honetan (apirilak 26) 81 urte izango dira Lutfwaffe abiazio nazioaren Kondor Legioak eta faxista italiarren Aviazione Legionariak Gernika suntsitu zutenetik: 1936ko gerran, indar matxinatuen zerbitzura ziharduten bonbaketarien eta ehiza-hegazkinen erasoak zibilak sarraskitu zituen, eta hiria suntsitu zuen: eraikinen % 1 baino ez zen zutik gelditu. Gernikaren hondamena Errepublikaren alde borrokan zebiltzan milizianoei eta gudariei leporatzeaz gainera, hildakoen gainean gezur galantak bota zituzten agintari matxinoek.
Azken ikerketen arabera, bi milatik gora izan ziren hildakoak, kopuru askoz txikiagoak ere eman izan diren arren. Xabier Irujo historialariak eta irakasleak "Gernika" (Editorial Crítica, 2017) liburuan aipatzen duenez, "eskuan ditugun dokumentuen arabera, gutxienez, bi mila pertsona hil ziren; bada, Wikipedian edo beste edonon, 126 eta 300 hildakoren artean izan zirela dio". Ia hilabete lehenago, martxoaren 31n, Durangok jasan duen bonbardaketarik handiena egin zuten Aviazione Legionariako hegazkinek. Apirilaren 4ra arteko bonbardaketetan erregistratutako datuek diotenez, erasoek 336 hildako eragin zituzten. Denera, hegazkinek 281 bonba baino gehiago jaurti zituzten; hau da, 14.840 kilo inguru lehergailu. Durangok ez zuen aireko erasoen kontrako babesik.
Aipatutako herri bietan izandako bonbardaketei daukaten garrantzia kendu barik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 500 hegazkin-eraso baino gehiago jasan zituzten, Eusko Jaurlaritzak Joseba Agirreazkuenaga eta Mikel Urquijo EHUko irakasleei eskatutako ikerketaren arabera. Azterlanaren gaineko emaitzak 2015eko azaroan plazaratu zituzten "Memoriaren ibilbideak: gerra zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrenda" liburuan. Urte bat beranduago bigarren liburukia argitaratu zuten; osatuagoa eta datu gehiagokaz. Ikerketa egiteko, besteak beste, pilotuen hegaldi-agiriak eta garai horretako egunkariak ikuskatu zituzten irakasle biek. Eusko Jaurlaritzak berak 2017ko abenduan plazaratu zuen 1936ko gerran Euskal Autonomia Erkidegoan izandako bonbardaketen zerrenda, "biktimei aintzatespen publikoa egiteko". Gasteizko gobernuko arduradunek aipatu dutenez, "oroimen historikoa berreskuratzea du helburu zerrenda horrek, askatasunaren eta balio demokratikoen alde borrokatu zirenak inguratzen dituen isiltasuna bukatu dadin". Zerrenda horri begiratuta, ia 800era ailega litezke hegazkin faxistek Euskal Herriko zeruetan eta lurretan egindako bonbardaketa-misioak.
Herritarrak bonbardaketen jomuga
Denak ez badira, historialari gehienak bat datoz Alemaniako naziek eta Italiako faxistek 1936ko gerra "laborategi legez" erabili zutela, batez ere atzeguardiako hiriek eta herriek jasan zituzten bonbardaketa bortitzei erreparatzen badiegu. Lehenbiziko aldiz eta modu sistematikoan, gerra-estrategia berriak erabili zituzten matxinatuen zerbitzura ziharduten armadek: ohiko bihurtu zen atzeguardiako hiri eta herrietako azpiegiturei erasotzea: portuak, tren-geltokiak, lantegiak, zentral elektrikoak, komunikazio-lotuneak, gobernuen egoitzak... Horrez gainera, zuzen-zuzenean herritarren kontra jo zuten, haien morala eta erresistentzia suntsitzeko asmoz. Ez ziren bonbardaketa isolatuak edo noizean behinekoak; "Erabateko gerra" izeneko estrategiagaz bat zetozen. Bigarren Mundu Gerran ohikoago bihurtu ziren horrelako erasoak; are gehiago, 1936ko gerraren osteko gatazkan erabili zituzten hegazkinak eta bonbak Gernikan, Durangon, Bilbon eta EAEko beste dozenaka herritan probatu zituzten. Eta Uribe Kosta ez zen salbuespena izan; eskualdea ez zen abiazio faxistaren erasoetatik libratu.
Lamiako, auzorik bonbardatuena
Altxamendu militarra 1936ko uztailaren 17 eta 18 artean gertatu zen arren, urtea amaitu arte Lamiakoko Delta lantegia ez zen hasi kartutxoetako letoizko kubotxoak eta balentzako zorroak egiten, Errepublikako armadarentzat; historialari batzuen arabera, horrek erakarri zituen matxinoak Lamiako bonbardatzera. Hala ere, auzoaren barrualdeari ere eraso egin zioten. Bestalde, handik gutxira, XIX. mendean hipodromoa egon zen zelaia lautu eta mundruneztatu zuten, aerodromo bat egiteko. Lamiakotik eta Sondikan bat-batean egindako pistatik irteten ziren faxistei aurka egiten zieten hegazkin errepublikanoek; hala ere, matxinatuen aparatuak askoz gehiago eta azkarragoak ziren. Itsasadarraren ondoan zeuden lantegiak defendatzea zen Lamiakoko hegazkinen helburu nagusia, baina Araban barrena ere hainbat eraso egin zituzten; Legutioko guduan, besteak beste. Lamiakoko pistak mila metroko luzera eta 250 metroko zabalera zeuzkan; arma antiaereo bakarra baino ez zegoen.
Matxinatuen lehenengo erasoa 1936ko abuztuaren 10ean izan zen, eta ondoren beste asko etorri ziren. Bonbardaketek hildakoak eta zaurituak eragin zituzten. 1936ko azaroan hainbat ehiza-hegazkin heldu ziren Lamiakoko aerodromora: Legutioko guduan eta Bilboko zein inguruko industriaren defentsan parte hartu zuten. Emilio Mola jeneralak aginduta, 1937ko martxoaren 31n, Bizkaiaren gaineko erasoaldia abiarazi zuten indar matxinoek. Hala, apirilaren 3an, hiru bonbardaketa jasan zituen Lamiakoko aerodromoak: erasoak hainbat barrakoi eta zazpi hegazkin suntsitu zituen. Hilaren 22an ere bertaraino ailegatu zen abiazio faxista; hori dela eta, geratzen ziren hegazkin apurrak Sondikara eroan zituzten. Maiatzaren 11n, ostera, Lamiakoko lantegiei eraso egin zieten matxinoek, hiru hildako eraginez. Besteak beste, Luftwafferen Kondor Legioko VB/88, A/88 eta J/88 taldeek parte hartu zuten erasoetako batzuetan; Alemaniako gerra-industriak sortutako ehiza-hegazkin berrienak probatzeaz arduratzen ziren talde horietako pilotuak. 1937ko ekainaren 17an, Bilbo jausi baino egun bi lehenago, Gezi Beltzak dibisioko soldadu italiarrak Leioara sartu zirenean, erabili ezin zitezkeen hegazkin bi aurkitu zituzten Lamiakoko aerodromoan; eta beste bi sutan zeuden. Horrez gainera, egoera txarrean zeuden hegazkin-motorrak eta bonbak topatu zituzten.
Hildako gehien, Erandion
Kondor Legioko "Heinkel" eta "Junker" hegazkinek Erandion ere eragin zuten izu-ikara, baita heriotza ekarri ere: 31 hildako eta 69 zauritu egon ziren bertan, nazien bonbardaketen ondorioz, Udalak emandako datuen arabera. Urtarriletik ekainera izan ziren erasoak; hala ere, apirilaren 22tik 26ra artean gertatu ziren bonbardaketarik bortitzenak. Hori dela eta, agintari erandioztarrek udalerriko historiako bizipen krudel horiek gogoratzeko ekitaldia egin zuten iaz, apirilaren 25ean; oroimen-ekitaldian, gertakari horiek gogoratzeko errotulua ipini zuten Ibarra kaleko eraikin bateko horman. Bide batez, guda-frontean hil ziren erandioztarrak ere gogoratu zituzten. Udalak emandako datuen arabera, 1936ko gerran 87 eta 111 herritar artean hil ziren.
Bonbardaketei dagokienez, Erandioko auzo gehienei eraso egin zieten. Baina Altzaga izan zen kaltetuena. Hainbat adituk diotenez, Bilbo Handia deritzoten horretan estrategikoa zen Erandio: Bizkaiko industriagune garrantzitsuenaren aurrean zegoen eta udalerrian ere lantegi handiak zeuden. Hala ere, Ibarra, Urioste, Jado, Obieta eta San Vicente kaleetako etxeek jasan zituzten erasorik bortitzenak. Hildako ugari suertatu ziren horietan.
Bonbardatutako herriak:
Getxo
Areeta gutxienez sei aldiz bonbardatu zuten, 1937ko apiriletik ekainera artean; erasoetan hegazkin italiarrek eta alemaniarrek parte hartu zuten. Besteak beste portua, herrigunea eta Aita Hirukoiztarren fraidetegia kaltetu zituzten. Biktimen kopuruari dagokionez, lau baiezta ditzake Eusko Jaurlaritzak. Gainera, 1937ko apirilean, besteak beste Negubiden, Lertegin eta inguruko landetan jausi ziren bonbak, faxisten zerbitzura zeuden hegazkinek egindako beste hiru bonbardaketatan. Hil horretan, bonbardaketen ondorioz, 21 biktima zenbatu zituen Jaurlaritzak Getxon: bost hildako eta hamasei zauritu. Bestalde, 1937ko maiatzaren 13an eta 26an Algortara ere heldu ziren faxisten hegazkinak: Jaurlaritzaren arabera, lehenengoan ez zen biktimarik egon; bigarrenean, ostera, ez du hildakoen edo zaurituen gaineko ezer zehazten. EHUko hainbat irakaslek egindako "Memoriaren ibilbideak" ikerketak Algortan izandako beste eraso baten berri ematen du: 1937ko apirilaren 24an, hildako bat eta bost zauritu egon ziren. Hala ere, lehenengo bonbardaketa 1936ko urriaren 21ean egin zen: hegazkin faxistek Areetako moilan zegoen Nazioarteko Guneari eraso egin zioten. "Euzkadi" egunkariaren arabera, zortzi hildako egon ziren; "La Gaceta del Norte" kazetak esan zuenez, bost izan ziren.
Leioa
Leioa 22 aldiz bonbardatu zuten hegazkinek, 1936ko abuztutik 1937ko maiatzera artean, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Eraso gehienak Areetatik hurbil dagoen Lamiako auzoan izan ziren; Artatza ere bonbardatu zuten. Tren-geltokiak kalteak jasan zituen. Hala ere, esan dugunez, bonbardaketa gehienak Lamiakon izan ziren; 22 erasoetatik, 20 sufritu zituen auzo horrek. Beirategia, aerodromoa eta auzoa bera kaltetu zituzten eztandek. Besteak beste Luftwafferen Kondor Legioko VB/88, A/88 eta J/88 taldeek parte hartu zuten erasoetako batzuetan; Alemaniako gerra-industriak sortutako bonbardaketari eta ehiza-hegazkin berrienak probatzeaz arduratzen ziren talde horietako pilotuak. Biktimen gaineko datu zehatzik ez dago, baina ez ei ziren hemeretzi baino gutxiago izan.
Erandio
Hamar bonbardaketa izan ziren Erandion, 1937ko urtarriletik ekainera artean, Eusko Jaurlaritzaren arabera: Altzaga auzoan hainbat kale (Jado, Ibarra, Obieta, Urioste eta San Vicente), trenbidearen ingurua eta San Agustin eliza kaltetuak izan ziren; horrez gainera, hainbat etxe guztiz suntsitu zituzten bonbek. Urtarrileko bonbardaketetan hamazazpi biktima egon ziren; horien artean hildako bat. Apirilean, 29 hildako eta 37 zauritu zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzak. Maiatzean, "Euzkadi" egunkariak Erandioko bonbardaketan hamasei zauritu egon zirela aipatu zuen bere kronikan. Horren gaineko informazio gehiagorik ez ei dago. Hala ere, 1936ko gerran Erandion egindako bonbardaketetan 31 hildako egon zirela dio Udalak.
Sopela
Indar matxinatuen agindupean zegoen abiazioak Sopela bonbardatu zuen 1937ko maiatzaren 23an, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Hala ere, ez dago informaziorik eraso horrek izan zituen eraginen gainean; ez dago jakiterik biktimarik egon zen.
Berango
Bonbaketari faxistek 1937ko apirilaren 24an eraso zioten Berangori. EHUko hainbat irakaslek egindako "Memoriaren ibilbideak" ikerketaren arabera, hildako bi eta sei zauritu egon ziren.
Gorliz
Eusko Jaurlaritzak plazaratutako bonbardaketen zerrendaren arabera, hegazkinek 1937ko ekainaren 12an eraso zioten Gorlizi. Besteak beste, hainbat etxe eta Itsas Erietxea kaltetu omen zituzten, "El liberal" egunkariak jasotako informazioan oinarrituz gero.
Plentzia
Uribe Kostako itsas-hiribildua birritan bonbardatu zuten hegazkin faxistek 1937ko maiatzean, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Gutxienez, 14ko eta 23ko erasoetako batean, abiazio italiarrak parte hartu zuen. Dirudienez, ez zen biktimarik egon Plentziako erasoetan.