Sanferminetako bortxaketaren epaia salatuko dute gaur Leioan eta Sopelan

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 26a, 17:52

Epaia ezagutu denean liskarrak izan dira Iruñean, feministen eta foruzainen artean. CCBYSA EKINKLIK

Leioako Mugimendu Feministak eta Sopelako Aistak taldeak deituta, elkarretaratzea banaz erantzungo diote Leioan eta Sopelan Nafarroako Lurralde Auzitegiak gaur kaleratu duen 2016ko Sanferminetako talde-bortxaketaren epaiari eta "justizia heteropatriarkalari". Hitzorduak gaur arrastiko 18:45ean eta 19:00etan ipini dituzte, hurrenez hurren, Leioako eta Sopelako udaletxeen aurrean.

Iruñean emakume bat bortxatu zuten bost gizonen inguruko epaia goizean ezagutarazi dute. "La Manada" kuadrillako bost kideri bederatzina urte eta 50.000 euroko isuna ezarri dizkie auzitegiak, sexu-abusua egin zutelakoan, baina bortxaketa delitua aintzat hartu barik. Hala, Euskal Herrian polemika handia eragin du erabaki horrek.

Biktimaren abokatuak eta Nafarroako Gobernuak iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela. Ez da aurkako erreakzio bakarra izan: epaileetako batek boto partikularra eman du. Bere ustean, akusatu denak askatu beharra dago, sexu-abusua ere egin ez zutelakoan. Epailearen iritziz, biktimari telefonoa kentzea izan zen gizonetako batek egindako delitu bakarra. Beraz, 300 euroko isuna edo hilabete biko espetxe-zigorra eskatu du aparteko boto horretan.

Leioako elkarretaratzearen kartela

Sopelako ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun