Talde-komunikazioa lantzeko ikastaroa antolatu du Azkue Fundazioak

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 27a, 13:01

Azkue fundazioak eta Talaios kooperatibak  teknologia-ikastaroak antolatu dituzte, "Sartu gurekin teknologiaren ur handitan" goiburuaren pean.

Azkue Fundazioak azaldu duenez, sarri teknologiaren mundua informatikagaz bakarrik lotzen den arren, denentzat da erabilgarria; hala, oinarrizko kontuak modu teoriko-praktikoan landuko dira ikastaro horietan.

"Talde-komunikazioa: komunikazio-tresnak eta informazio-kudeaketa" ikastaroa maiatzaren 18an eta 19an izango da. Antolatzaileen arabera, "egunerokotasunean, batean edo bestean, uneoro konektatzen gara sarera. Baina ezagutzen al ditugu erabiltzen ditugun tresnak eta atzean dauden aukera ezberdinak? Talde-komunikazioan ere hainbat tresna baliatzen ditugun arren ez ezagutzeagatik edo ohituraren eta denbora-faltaren ondorioz logika askorik ez duen erabilera egiten dugu.

Horri aurre egiteko, ikastaro horretan posta-zerrendak eta buletinak, Telegram, Whatsapp eta Signal bezalako aplikazioak eta sare sozialen erabilera landuko dira.

Saioak Bilboko San Inazio auzoko Euskararen Etxean egingo dituzte. Hamabi partaiderentzako lekua egongo da ikastaroan, eta parte hartzeko, Azkue Fundazioaren webgunean eman behar da izena "ikastaro teknologikoak" azpiatalean, dagokion inprimakia betez.

Ordutegiak

  • Maiatzaren 18an, barikua, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.
  • Maiatzaren 19an, zapatua, 10:00etatik 14:00etara.

Ikastaroaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun