Uribe Kostako lau ekintzailek parte hartu dute Bridge To MassChallenge Biscay jardunaldian

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 4a, 12:17

Lander Unanue, Xabier Vicuña, Marta Gomeza eta Leyre Ballesteros.

Marta Gomeza (Wream), Lander Unanue (Stockare), Xabier Vicuña (Heepsy) eta Leyre Ballesteros (OnFashion eta Bylbi) ekintzaileek Bostonera (AEB) bidaiatu dute Bridge To MassChallenge Biscay jardunaldian parte hartzeko. Heepsy mundu mailako finalera joateko aukeratu dute.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien artean sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, bi herrialde horietako 15 enpresa hasiberrik (startup) MassChallengeren Bostongo egoitzan astebetez proiektuak bizkortzeko lantegi trinko batean parte hartzeko aukera izan dute egunotan. Horietatik, eskualdeko lau neska-mutilek sortutakoak izan dira.

Jardunaldiak 5 eguneko iraupena izan du. Alde batetik, AEBetako enpresariek emandako "Workshop" ikastaroak jaso dituzte; eta, bestetik, "Pitch" delako lehiaketan parte hartzeko aukera ere izan dute ekintzaileek. Denera, Euskal Herriko 15 proiektuetatik lau bakarrik aukeratu dituzte mundu mailako lehiaketarako; horien artean dago eskualdeko Xabier Vicuñak gidatzen duen Heepsy enpresa.

Horrenbestez, eskualdeko enpresa hori ia beste mila enpresagaz lehiatuko da maiatzean finalean, MassChallengek Israel, Mexiko, Erresuma Batua, Suitza eta Texasen dauzkan egoitzetariko batean lau hilabetez enpresa bizkortzeko prozesu batean egoteko aukera izateko.

Uribe Kostako lau ekintzaileak:

Marta Gomeza - Wream

Wream-en sortzailea da Marta Gomeza getxoztarra. Mugikorretarako aplikazio honek, opariak egiterako orduan, beti bete-betean asmatzeko aukera ematen du. Azken finean, sare sozial bat da non erabiltzaile bakoitzak zein opari jasotzea gustatuko litzaioken adierazi eta elkarbanatzen duen. Horrela, zure familia eta lagunek, zuri oparitutakoagaz beti asmatuko dute.

Gainera, marka ezberdinek ere, haien produktuak ezagutzera eman eta zuzenean saldu dezakete aplikazioaren bitartez.

Kontaktua:

Xabier Vicuña - Heepsy

Heepsy, "influencer" (eragiten dutenak) delako marketina lantzen duen plataforma bat da. Bertan, sektore ezberdinetako eragileak modu arin eta errez batean aurkitu daitezke. Gainera, eragileek haien kokalekua eta kategoriaren arabera sailkatzeaz gain, beste datu gehiago ere ematen ditu, hala nola engagement analisiak, bataz-besteko kostuak eta audientziaren datu analitikoak. Mundu mailan, 3 milioi "influencer" baino gehiago dago plataforman. Hauek dira haien bezerorik ezagunenak: Kiwoko, Philips, Iberdrola edo Hawkers.

Kontaktua:

Lander Unanue - Stockare

Lander Unanue sopeloztarra Stockare startup teknologikoaren sortzaileetako bat da. Stockare-k denbora errealean edozein objektu (ekipamendu industrialak, balio eta mugikortasun handiko gailuak, bizikleta eta motorrak, …) kokatzeko eta monitorizatzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, gauzen Interneta edo "Internet of Things" (IoT) deritzon plataformaren bitartez.

Stockare startup-a ABB enpresarengatik izan da aukeratua BIND 4.0 programaren baitan. Proiektu honetarako, pertsona bakoitzak zein tresna hartu duen eta non dagoen jakin dezake momentu oro.

Kontaktua:

Leyre Ballesteros - Onfashion eta Bylbi

Leyre Ballesteros sopeloztarra OnFashion-eko sortzaile eta zuzendaria da. Enpresa honek, moda sektoreko marketin digitaleko zerbitzuak eskaintzen ditu. Gainera, Bylbi da bere azken proiektua, non B2B-ra zuzendutako marketplace plataforma sortu duten, 21. mendeko abantailak moda mundura ekarriz.

Leyrek Zitek enpresen mintegian hasi du bere ibilbidea eta EHUko Ekintzaile Gazteen beka jaso du, Gaztenpresako MBAe3-ko bigarren sariagaz batera.

Kontaktua:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun