Lehen fase horrek urtebeteko iraupena izango du eta trafikoan aldaketa batzuk eragingo ditu. Hala nola, zirkulatzeko erreien zabalera murriztuko da eta derrigorrezko abiadura 80 kilometrotik 60 kilometrora jaitsiko da. Balizatuko duten lehenengo tartea izango da Plaiabarriko adarra, Arrontegitik Asuaraino.
Bizkaiko Foru Aldundiak "ukipen horiek eragin ditzaketen eragozpenak asko sentitzen" ditu eta erabiltzaileei eskatu die seinalizazioaren aginduak betetzeko.
Fase biko obrak
Kukularrako lotunearen birmoldaketa fase bitan burutuko da, horri erantsita dauden tarteetan pilaketa eta itoguneak murrizteko asmoz; hau da, BI-637 errepidean (Avanzada) eta N-637 errepidean (Arrontegiko zubiaren irteeran eta Txorierriko korridorearen hasieran, horien lotze-tarteak kenduz). Lan horien bidez zerbitzu-maila, lotze-ahala eta ingurua hobetuko dira, konfluentziak eta dibergentziak egokituz eta errei berriak sortuz, Aldundiaren arabera.
Lehen fase hori Balzola SA enpresari esleitu diote, eta inbertsioa 5,12 milioi eurokoa izango da. Obren helburua da Getxo-Derio bidegurutzea beste era batera diseinatzea; hots, alde horretan gertatzen diren pilaketak eta itoguneak murriztea beste errei bat sortuz. Bestetik, Plaiabarriko irteeran ere diseinu berria egingo da eta BI-604 (Enekuri) errepidearen azpian kapazitatea irabaziko da, bi kasuetan eskuragarri dagoen bide-plataforma optimizatuz.