Aurtengo Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa joan den zapatuan hasi zen, Berriatuan, 680 kiloko kanporaketagaz. Proba horretan, ohi legez, Erandioko Goiherri A eta Laukizko Gaztedi A taldeak izan ziren protagonistak. Azkenean Laukizkoak nagusitu ziren, Uribe Kostako hainbat tiralari taldean edukita; jokatutako tiraldi denak irabazi zituzten Gaztedikoek. Goiherrikoak, ostera, bigarren lotu ziren, Gaztediren aurka izan ezik beste tiraldi denetan garaile suertatu baitziren. Hirugarren postuari dagokionez, Gaztedi Bk erdietsi zuen. Ondoren geratu ziren Mutriku, Getxo, Erandioko Altzaga auzoko Akelarre taldea eta Gaztedi C, hurrenez hurren. 680 kiloko txapelketa Deban jokatuko da, maiatzaren 19an. Litekeena da Goiherriko eta Gaztediko talde nagusien arteko norgehiagoka izatea; Laukizkoak Berriatuan lortutako abantailagaz jokatuko dute.
Beste lau lehia, abuztura bitartean
Hurrengo txapelketa 640 kilokoa izango da. Horretan, talde berberek parte hartuko dute, maiatzaren 26a eta ekainaren 9a bitartean. Finala egun horretan jokatuko dute, Martiartun.
Hirugarren txapela 600 kiloko pisuko taldeen artekoa izango da; baliteke hor Goiherrik bigarren talde bat aurkeztea, baina oraindino ez dago erabakita. Lehiaketa hori Barrikan hasiko da, ekainaren 16an; bigarren kanporaketa Algortan egingo dute ekainaren 23an eta, azkenik, finala Bilboko Etxebarria parkean jokatuko da.
Azken-aurreko txapelketa 560 kiloko pisuan jokatuko da. Uztailaren 7an abiaraziko dute, Erandioko Magdalena auzoan, San Kristobal jaietan. Beste kanporaketa baten ostean, finala Laukizen jokatuko da, hilaren 21ean. Lehiaketa horretarako, Goiherri B-ren presentzia ez ezik Getxorena ere zalantzan dago.
Txapelketa mistoa, 600 kiloan, izango da azkena jokatzen. Egun bakarrean erabakiko dute dena, uztailaren 31n, nahiz eta oraindino Euskadiko Herri Kirol Federazioak ez dakien non. Bertan, Laukizko hiru taldeen eta Goiherrikoaren arteko lehia izan liteke, ez baitakite Altzagako taldea azkenean aurkeztu ahal izango den.