Iñaki Elorriaga gaixotasunak jota dagoen 71 urteko getxotarrak bultzatu du ekimena, eta bere alboan Portugaleteko Unai Basurko nabigatzailea eta Kepa Junkera musikari bilbotarra egongo dira.
Itsasaldia "Pottoka" belaontzian egingo dute eta maiatzaren 29an Finisterrera helduko dira, 370 itsas-milia egin ondoren. Itzulera ekainaren 5ean hasiko da eta geldialdiak egingo dituzte Murosen, Coruñan, Avilesen, Santanderren, berriro ere Bilbon eta, azkenik, Donostian (azken hiri horretan ADELA-Euskal Herria Federazioaren egoitza dago, AEAk jotako gaixoen Euskal Herriko lehenengo elkartea). Hiri denetan proiektua zabaltzeko zenbait ekimen antolatuko dira, berbarako hitzaldiak eta topaketak gaixoakaz. Horren bitartez, besteak beste, antolatzaileek gaixotasuna ikusarazi eta ikerkuntza sustatzeko beharraz gizartea kontzientziatu gura dute.
Aipatutako ekimenetan Galizia, Asturias eta Kantabriako ADELA eta AEAk jotako gaixoen aldeko hainbat elkartek eta kolektibok parte hartuko dute. Beraz, elkarlaneko proiektu integratzailea da "AEAren atzetik belak zabalik" eta, gizartea kontzientziatzeaz gain, egunez egun gaixoen aldeko lana egiten duten taldeen esfortzuak bateratzen ditu, azken horien bizitza-kalitatea hobetzeko asmoz.
Gaixotasuna ikusarazteagaz batera, proiektu horren bitartez gaixotasunaren kontrako borroka finantzatzeko dirua bildu gura dute. Asmo horregaz, "milia solidarioak" izeneko kanpaina abian jarriko da ostalaritza lokaletan. Proiektua bultzatu gura duten denek milia solidarioen txartelak erosi ahal izango dute 5 euroan. Gainera, antolatzaileek jendea animatu gura dute proiektuaren edozein ekimenetan parte hartzera, adibidez, nabigatzaileak agurtzen (maiatzaren 26an Bilboko Itsas museotik abiatuko dira 12:00etan; 13:30ak aldera Bizkaiko Zubiaren azpitik igaroko dira) edo geldialdietako portuetan antolatuko diren jardueretan parte hartzen.
Gaixotasuna
AEA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) gaixotasun neurologiko sendagaitza da. Horren eraginez, muskuluak (hitz egin, jan eta arnasteko erabiltzen direnak barne) apurka-apurka funtzionatzeari utzi egiten diote. Gaixoen batezbesteko bizi-itxaropena 4-5 urtekoa da. Gaixotasunak jota dauden pertsonek, 4.000 bat espainiar Estatuan (900 kasu urtean, gutxi gorabehera), urtebete baino gehiago itxaron behar dute diagnostikoa jasotzeko eta, horrez gain, itxaropen-gabezia ere sufritu behar dute: ikerkuntza medikurako babes instituzionala eta ekonomikoaren ez dela eta, azken 20 urteotan ia ez da aurrerapenik egon AEAko sendakuntzan eta hobekuntzan. Egoera hori azaleratzeko, ADELA eta Luzón Fundazioa bezalako elkarteak lan handia egiten dute egunez egun.