Jendartea  Urduliz  Uribe Kosta 2018-05-14 14:38

Urdulizko ospitaleak beste sei ebakuntza-gela estreinatuko ditu ekainaren 4an

Jon Darpón Osasun sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean Urdulizko ospitaleko sei operazio-gela berriak; ekainaren 4tik aurrera hasiko dira martxan. Hala, laukoiztu egingo da ebakuntzak egiteko aukera.

Urdulizko ospitaleak beste sei ebakuntza-gela estreinatuko ditu ekainaren 4an
Ebakuntza-geletako bat. CCBY IREKIA - EUSKO JAURLARITZA | Ikusi handiago | Argazki originala

Jon Darpón Osasun sailburuak bisitatu ditu, gaur goizean, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleko bloke kirurgikoko sei operazio-gela berriak; ebakuntza-gela horiek ekainaren 4tik aurrera hasiko dira martxan. Hala, ospitalearen jarduera kirurgikoa osatu eta dimentsionatuko da, denera zortzi ebakuntza-gela egongo dira eta.

Bisitaren ondoren, Osasun sailburua izan da Osasun Saileko eta Osakidetzako zenbait ordezkariakaz, tartean Maria Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiagaz. Darpónek esan du Urdulizko Ospitaleak hobekuntza nabarmena ekarri diola ingurunean ematen den osasun publikoaren zerbitzuari. Gaineratu duenez, orain areagotu egin da kirurgia-eskaintza eta egin daitezkeen prozesura kirurgikoen konplexutasuna. Horren zergatia dira zabaldu berri diren operazio-gela berriak, Anestesia ondoko Bizkorketarako Unitatea (ABU) eta 64 ohe dituen ospitalizazioko solairua.

Osasun Sailak iragarri zuen legez, Urdulizko ospitalea apurka-apurka osotu da, zerbitzu berriak zabaltzen, 2016ko uztailean ireki zenetik.  Hala, "Uribe osasun-eskualdeko herritarrentzat ospitale moderno, eroso, eskuragarri eta erreferentziazko bilakatu da" azaldu dute.

Urdulizko ospitalea ireki zenetik, inguruneko herritarrek 92.000 kontsulta baino gehiago egin dituzte bertan (oftalmologia, traumatologia, ginekologia eta obstetrizia, otorrinolaringologia, endokrinologia, neurologia, urologia, dermatologia, aparatu digestiboa, arnas aparatua, kardiologia, erreumatologia eta barne-medikuntza), eta 116.000 proba baino gehiago; proba horietatik, 1.565 endoskopiak izan dira eta 50.417 irudi-bidezko miaketak (OTA, ekografiak, erradiologiak eta abar).

Modu berean, 31.354 larrialdiri eman zaie arreta eta, abenduan ospitalizazioko solairua martxan jarri zenetik; denera 723 ospitalizazio egon dira eta beste 2.066 paziente etxeko ospitalizazioaren bidez artatu dira. Gainera, 1.350 kirurgia egin dira, ospitalizazio barik, orain arte erabilgarri egon diren 2 operazio-geletan.

Urdulizko ospitaleko bloke kirurgikoa dago asistentziarako zerbitzu orokorren eraikinean (larrialdiak, bloke kirurgikoa, laguntza-arloak, erreanimazioa eta erradiologia-zerbitzua). Zortzi operazio-gela ditu, puntako teknologiagaz, eta 2.000 metro koadro. Operazio-gela berri bakoitzak 50 metro koadro ditu; ABUak, 140 metro koadro; eta Bizkorketarako Unitatea, 728 metro koadro eta 10 box ditu.

Urdulizen, "erosoago"

Urdulizko ospitaleak 38.000 metro koadro ditu eraikita, hiru eraikinetan banatuta: eraikin batek ospitalizazioa du eta eguneko ospitaleak; beste eraikin batean asistentzia-zerbitzu orokorrak daude (larrialdiak, bloke kirurgikoa, laguntza-arloak, erreanimazioa eta erradiologia-zerbitzua), eta hirugarrenak kanpo-kontsultak ditu. Osasun Sailak 60 milioi euroko inbertsioa egin zuen obra martxan jartzeko eta ekipamendurako. Horretaz gainera, urtero martxan izateak ekarriko du 45 milioi euroko kostua.

Gaur egun, 400 bat profesionalek egiten du behar bertan, eta zerbitzu berriak irekitzean beste 112 profesional hasiko dira, hainbat kategoriatakoak (17 fakultatibo, erizaintzako 39 profesional, erizaintzako 28 laguntzaile, 7 zeladore eta zerbitzuetako 21 langile).

Gainera, Osasun saileko arduradunek gogora ekarri dute ospitaleak "abangoardiako teknologia" daukala gaixotasunen diagnostikorako eta tratamendurako; "onura garrantzitsuak" dakartzala pazienteentzat; profesionalentzat, "tinkotasun eta kalitate gehiago" dakartzala; eta azkenik "erosotasun handiagoa" ere eragingo duela.

Hala, Jon Darpónek nabarmendu du Urdulizko ospitaleko operazio-gela berriak irekitzea "Eusko Jaurlaritzak osasun-zerbitzuak zabaltzen eta hobetzen jarraitzeko eta egunero Osakidetzaren zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatekoa sendotzen jarraitzeko egiten duen apustuaren tinkotasunaren erakusgarri dela".

Bisitaren bideoa (CCBY IREKIA - EUSKO JAURLARITZA)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa