Kontsumo arduratsuari buruz kontzientziatu gura dituzte eskolako jantokietan jaten dutenak, soberan geratu zaien janaria etxera eramateko aukera eskainiz. Modu berean, erabiltzaileei aholkatzen diete "plater zenbakia, mota eta errazio-kantitatea aukeratzea benetan kontsumituko dutena kontuan hartuta".
Izan ere, joan den ikasturtean egindako azterlan baten arabera, "Txopitea jantokiko eguneko menuaren eta Alkatene jantokiko buffet-zerbitzuaren erabiltzaileek hilero, batez beste, 1.480 hondakin-kilo eta erretiluetako ukitu gabeko janaria sorrarazten dute".
Hala, "ez utzi platerean janaririk, eraman ezazu" ekimena sartzen da EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak abian ipinitako Campus Bizia Lab 2017/2018 programaren eta Biologiako Gradu Amaierako Lanaren barruan. Horren zuzendariak dira Maria Merino, Urban Elikako kide eta irakaslea, eta Ibone Ametzaga Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta Unesco Katedrako kidea. "Campus Bizia Lab programan 18 proiektu garatzen dira, eta Unibertsitatearen eta haren parte diren ikasle eta langileen jasangarritasun erronkei heltzea du helburu", azaldu dute unibertsitate-iturriek.
Konpostajea eta elkartasun-hozkailua
Campus Bizia Lab proiektuaren barruan beste ekintza batzuk garatzen dabiltza elikagaiak eta baita janari-hondakinak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Horretarako, "Bizkaiko campusean hondakinak minimizatzeko estrategiak" ekimena sortu dute, Ibone Ametzaga irakaslea buru duena.
Ekintzetako bat Ostalaritza Eskolako sukaldeetan sortutako janari hondakinak birziklatzea eta konpost bihurtzea da, bertako baratzetan ongarri gisa erabiltzeko. Bestalde, urte bi daroatzate elkartasun-hozkailua ekimenagaz. Horren bitartez, janaria alferrik ez galtzea eta soberan geratzen dena produktu solidario eta aprobetxagarri bihurtzea lortu gura dute. "Hozkailu horrek eskolako soberakinak berreskuratzen ditu egunero, eta edozein pertsonaren eskuetan ipintzen ditu", gaineratu dute EHUko kideek.