EAEko Auzitegi Nagusiak joan den astean eman zuen epaia Osakidetzak 2012an bertan behera utzi zituen soldataren osagarrien inguruan. Auzitegiak EAEko osasun-zerbitzuaren aurka ebatsi zuen, 100 milioi euro baino gehiago ordaintzeari zigortzen. Satseren ustean, "zazpi urte luzeko itxaronaldiaren ostean, Auzitegi Nagusiak justizia egin die 700 profesionali; Osakidetzak bere kabuz eta etengabe urratu zuen langile horiek lanbide-garapena izateko daukaten eskubidea".
Hala, sindikatuak zabaldu du ebaluazio-batzordeak daborduko eratu direla eta "soilik geratzen da Osakidetzak mailen erresoluzioa EHAAn argitaratu eta lortutako mailak eta sortutako atzerapenak ordain ditzan". Satsek aurreratu duenez, mobilizazioak hasiko lituzke, Osakidetzak lanbide-ibilbideak ordainduko ez balitu. Dena den, erizainak ez dira mugatzen 2012ra arteko egoerara: "Osakidetzak bere dekretuak urratu ditu eta 2012tik daroa deialdi berriak egin barik. gainera, ez ditu bete bere konpromisoak: ebaluazio-modelo berri bat negoziatzea eta beharginen errealitatean oinarritutako baremazio-irizpideak ezartzea". Horregatik, aparteko deialdia eskatu dute, "Osakidetzaren geldotasunak" zazpi urtean sortu dituen albo-eraginak zuzentzeko.
Erizainen kolektiboaren arabera, "euskal Administrazioak negoziazio kolektiborako eskubidea urratu du"; gogorarazi dutenez, Administrazioak eta Satsek hitzarmena egin zuten osasuneko mahai sektorialean, "negoziazio kolektiboaren fruitu", 2011ko abenduaren 21ean. Gerora, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak bertan behera utzi zuen hitzarmena, "bere kabuz".
Protesta Areetako anbulatorioan, atzo. (© SATSE)