Hilabete bat soilik falta da 2018ko Eusko Label Ligari hasiera emateko, eta daborduko protagonistek denboraldia prestatuta daukate. Aitor Sautu Lutxanako arraunlari ohiak Sestaoko taldearen eta horren helburuen gaineko azalpenak eman ditu.
Sauturen ustean, Kaikuko "traineruan denetarik dago; eskarmentu handiko jendea, Eusko Label Ligan urte asko daramatzatenak, urte asko arraun-mundutik kanpo egondako arraunlariak, baita harrobiko jende gaztea ere". Burutzen dabiltzan denboraldi-aurreari buruz erandioztarrak dio "denboraldia zalantza askogaz hasi zen, bai kirol mailan, baita diru kontutan ere. Denera bost proba burutu genituen eta azkeneko bietan hainbat zalantza sortu zitzaizkigun eginiko emaitzakaz”.
Eusko Label Liga ez da txapelketa erraz bat eta lehiakideak urtetik urtera gogorragoak dira, entrenatzaileak nabarmendu duenez. Kaikuk izango dituen lehiakideen gainean Aitor Sautuk ondorengoa dio "Eusko Label Ligan aurten liga bi ikusiko ditugu. Lehenengoa iazko denboraldiko lau klub onenek osatuko dute, baita Donostiarra eta Santurtzi Iberdrolak ere. Bigarrengo ligan beste denok arituko gara arraunean ahalik eta lehiarik onena burutzen”.
Nahiz eta talde gazte bat izan, Aitor Sautuk uste du "jarrera paregabea eta entrenamenduak ondo egiteko gogoak" dituztela arraunlariek. Euren helburuen gainean berba egitean, nagusiena zein den aitortu du: “Kaiku Producha tradizio handiko klub bat da eta bigarrengo txandan sartzea liga honetako helbururik nagusienetarikoa izango litzateke”.