Uribe Kostak lau ordezkari dauzka Ertibil erakusketan

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 30a, 16:01
Maiatzaren 17an aurkeztu zuten Ertibil erakusketa ibiltaria, Rekalde Aretoan. © BFA

Izaro Ieregi, Maider Gonzalo, Matxalen Oñate eta Olatz Otalora artista gazte uribekostarrek parte hartuko dute Ertibil-Bizkaia 2018 erakusketa ibiltarian. Japonian hiru hilabeteko egonaldiaz gozatzen dabiltza orain lehenengo biak, ekimenaren sari berezia lortu ostean. 

Daborduko Japonian daude Izaro Ieregi algortarra eta Maider Gonzalo erandioztarra; Maria Muriedas mungiarrari legez, Uribe Kostako artista gazte biei eman diete Ertibil-Bizkaia 2018 erakusketa-proiektuaren barruan banatutako sari bereziak. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua den Lorea Bilbaok azaldutakoaren arabera, aurten, berrikuntza legez, Tokioko eta Fukuokako artista plastikoen egoitza bitan hiru hilabeteko egonaldia egitea egokitu zaie irabazleei. Horren bidez, "talentua sustatu eta sariketa nazioarte-mailan erakutsi" gura dute.

Ertibil-Bizkaia 2018 Ikus-arteen Erakusketa Ibiltaria antolatzen duten 36. aldia da aurtengoa: Ieregigaz, Gonzalezegaz eta Muriedasegaz batera, indarra hartzen dabiltzan beste hamabost artistaren obrak batuko ditu. Horien artean daude Matxalen Oñate plentziarra eta Olatz Otalora algortarra. Erakusketa Bilboko Rekalde Aretoan bisitatu ahal izango da uztailaren 1era arte; eta ondoren, Gasteizko Montehermoso kulturgunean (uztailaren 2tik urriaren 1era arte), Durangoko Arte eta Historia Museoan (urriaren 1etik 22ra arte), Galdakaoko Torrezabal kultur etxean (urriaren 31tik azaroaren 30era arte) eta Sestaoko musika-eskolan (abenduaren 3tik 31ra arte) egingo ditu geldialdiak.

Lan bakartiaren aitortza

Izaro Ieregi algortarrak adierazi duenez, "zure lana, nolabait, balioan ipintzen du" horrelako sari bat irabazteak. Izan ere, "estudioan bakarka egindako lanak dira normalean artistenak, eta jendartean errekonozimendu handirik ez dutenak". Maider Gonzalo erandioztarraren berbetan, berriz, diruaz gainera izugarrizko aukera ona da Japoniara joatea. "Beste mundu bat da: esperientzia oso ona izango da eta gure lana aberastuko du". Matxalen Oñate ere bat dator Igeregigaz: "Onarpena dakar egitasmo honek. Estudioan murgilduta ordu asko pasatzen ditugu eta polita da beti jendeak zure lana baloratzen duela ikustea", azaldu du plentziarrak. Olatz Otalora algortarrarentzat, "erakusketak egitearen premia batzuetan bada lanarekin aurrera egiteko arrazoia; beste batzuetan, mugimendu ikasia besterik ez. Hala ere, beti da ederra erakusketa ikusiko duen norbaitekin egindako lana konpartitzea; bakar bat eta laguna izango den arren".

Dena dela, Otalorak ñabardura bat egin du Ertibil eta halako ekimenek dakartzaten onuren inguruan. Beraren ustez, "lanaren eta publikoa denaren arteko distantziaren galeran, halabeharrez, ezinbestekoa da ekimen instituzionalekin harremanetan jarraitzea, egongo delako lana egiten duenaren presentzian beste guztia eragingo duen zerbait. Hori ezinbestekoa da. Beharrezkoa dena ez denarekin nahastu den arren, lana beti izango da lan egiten duenarentzat bizigai".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun