Euskaraz youtuber izateko ikastaroan izena emateko epea zabalik ekainaren 8ra arte

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 4a, 12:04

Bilbon erroldatutako 13 eta 16 urte bitarteko gazteek youtuber izateko hiru ikastaro edukiko dituzte aukeran, ekainean. B-Tuber izeneko egitasmoaren barruan Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak elkarlanean bultzatutako ekimena da eta ekainaren 25etik 28ra bitartean egingo dituzte saioak, Bilboko Euskararen Etxean.

B-Tuber egitasmoaren helburu nagusia da euskarazko bideoen sorkuntza bultzatzea eta horretarako formazio-saio horietan youtuber plataforma zer den eta euskarazko bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko gomendioak eskainiko zaizkie gazteei. Ane Atxutegi youtuberrak gidatuko ditu saioak. Ikastaro praktikoak eta dibertigarriak izango dira.

Egun biko eta launa orduko ikastaroak izango dira. Lehenengo saioan youtube kanal bat zer den ikasiko dute gazteek eta youtuber ona izateko gomendioak jasoko dituzte. Eduki-, maiztasun-, genero- edo eredu-kontuak landuko dituzte. Grabaketa egokiak zelan egin ere ikasiko dute. Saio amaieran nork bere youtube kanala sortuko du. Bigarren egunean bideoak grabatzen, editatzen eta kanalera igotzen ikasiko dute gazteek. Gainera, Twin Melody ahizpen esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera edukiko dute.

Ikastaro horietan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte. Ez ahaztu formularioa betetzea. Formularioa bera zein eskaintza honen inguruko argibide gehiago eskuragarri dauzkazue azkuefundazioa.eus atarian, B-Tuber izeneko sarreran.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun