Emakumezkoen mendi-lasterketan, María Núñez Mugertza kirolari sopeloztarra bigarren sailkatu zen 03.04.42 denboragaz. Bere aurretik, Bego Usabiaga irabazlea sartu zen, ia 10 minutu lehenago. Podiuma Ane Gorordok osatu zuen (03.25.05).
Mendiko maratoi erdiari dagokionez, Nuria Bermejo Espinosak eta Aingeru Barbier Calderon sopeloztarrak bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren, 02.04.03 eta 01.35.32 denborakaz. Proba, berriz, Itsaso Ballazek (02.02.20) eta Ivan Arauzok (01.33.32) irabazi zuten. Podiuma osatu zuten Imanol Marroquín, bigarrena, 01.34.18 denboragaz eta Ane Barrenetxea, hirugarrena (02.07.48). Denera, 283 kirolzalek amaitu zuten proba.
Halere, Kosta Trailen 13. edizioan, aurrekoetan legez, martxek eman zioten probari giro herrikoia. Kronometroari begiratu barik, mendiko martxako (20 kilometro) eta familia-martxako (7 kilometro) ibilbideaz, eguraldiaz eta elkartasun-asmoaz gozatu zuten 3.900 bat lagunek. Hala, 4.600 bat pertsonak parte hartu zuten aurtengo Kosta Trailean.
Antolatzaileek aurtengo edizioan lortutako etekinak elkarte biri emango diete, iaz legez: Alcer Bizkaiari, giltzurruneko gaixotasunak dituzten pertsonak laguntzeko; eta Asvidia Bizkaiko Diabetes Elkarteari, kirol-praktikak gaixoen artean sustatzeko. Ildo horretan, aurten bosgarren aldiz Team One Diabetes Challengue taldeak parte hartu du Kosta Trailean. Antolatzaileek diabetikoentzako anoa-postu bereziak ipini zituzten.