Atal bakoitzean tresna eta testigantza ezberdinen bidez, ahaztutako erraketisten presentzia gogora ekarri gura da XX. mendeko mundu mailako kantxetan. Antolatzaileek azaldu dutenez "erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta areago eman nahi ditu ezagutzera".
Erraketistak
Pilota sortu zenetik, indar handia izan du Euskal Herrian, baina batez ere, gizonagaz lotuta egon da. Hala ere, emakumeek ere pilota jokoan aspaldidanik hartu dute parte, lorpen handienak erraketa jokoan izan dituztela. Azpimarratzekoa da gainera, erraketista horiek izan zirela emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak.
Hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan erraketa-jokoak. Denbora tarte horretan hainbat aldaketa egin ziren; pilotan, erraketetan, janzkeran... Garai hartan, euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste leku batzuetako jokalariek haiekaz jardun zuten: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.
Erraketa-jokoak, beste kirol batzuek bezala, kultura nabarmena sortu zuen inguruan. Garaiko egunkariek emakume erraketisten entzutea eta abilezia islatu zuten, baita "El Pelotari" aldizkariak ere. Literaturak, zinemak edo telebistak ere jaso zuten erraketista eurenganako eta euren munduarenganako interesa.
Erakusketa Euskararen Etxean
Emakume erraketistek eta euren familiek dohaintzan emandako elementu batzuek osatzen dute Bilboko Euskararen etxean irailaren 15era arte egongo den erakusketak: prentsa bat pilotetarako; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak...
Antolatzaileek azaldu dutenez, ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantaila baten bidez, aukera egongo da emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den "ia dokumentazio dena" ikusteko. Horrela erakusketara hurreratuko direnek, mundu-mailan eta pilota-arloan emakumeek urte askotan zehar izan duen garrantzia eta egin duten lana ikusteko aukera izango dute.
Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean.
Argibide gehiago: Azkuefundazioa.eus