Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatuko dute bihar eskualdean

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 13a, 10:33

Altsasuko gazteen aldeko argazkia egin zuten Itzubaltzeta/Romoko Talka Egunean, artxiboko irudian.

Espetxeratutako Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko eskualdeko manifestazioa antolatu du Ernai gazte antolakundeak biharko, eguenerako, Algortan. 20:00etan jarri dute hitzordua, Telletxe plazan. Zapatuko Iruñeko manifestaziora joateko autobusak ere antolatzen ari dira Algortan, Itzubaltzetan eta Erandion, besteak beste.

"Utzi bakean euskal gazteria. Espainiar faxismoarekin hautsiz, Altsasukoak aske!" lemaren pean egingo dute mobilizazioa eguenean, 20:00etan hasita, Algortako Telletxe plazatik.

Gazte antolakundearen arabera, sententzia horregaz euskal gazteria epaitu dute: "Altsasuko gazteen aurkako sententziak Euskal gazteriaren kontrako kriminalizazioan aro berri bat irekitzen du" eta, gainera, prozesu "lotsagarri" horren atzean "erabat autoritario, inposatzaile eta atzerakoia den erregimenaren gerra estrategia bat" ezkutatzen dela salatu du.

Zapatuan, hilaren 16an, aldiz, nazio mailako manifestazioa izango da Iruñean (Nafarroa), 17:00etatik aurrera. Mobilizazio horretara joateko autobusak antolatzen ari dira egunotan eskualdeko hainbat herritan, hala nola Algortan, Itzubaltzeta/Romon eta Erandion.

Ernai gazte antolakundearen oharra:

Lehenik eta behin, gure besarkada indartsu eta maitakorrena muntaia nazkagarri honen erruz espainiar espetxeetan gatibu dauden Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen, Oihan, Adur eta Jokini. Baita Ainarari ere, eta gazte guzti hauen senide eta lagunei. Zuekin gaude!

Asteartean askok espero genuen zoritxarrezko eguna iritsi zen, hasiera-hasieratik goitik-behera diseinatutako muntaiaren bukaera. Audientzia Nazionalaren sententziak muntai polizial, judizial eta mediatikoak eragindako kaltea berretsi eta zuritu besterik ez du egin. Altsasuko gazteak urte luzez etxetik ehunka kilometroetara bahituta izango dituzten arren, sententzia honekin Euskal Gazteria izan da epaitua, kriminalizatua eta zigortua.

Altsasuko gazteen aurkako sententziak Euskal Gazteriaren kontrako kriminalizazioan aro berri bat irekitzen du. Estatuaren partetik norabide errepresibo argi bat zehazteaz gain, aurrekariak ere zehazten baititu. Izan ere, prozesu lotsagarri honen atzean erabat autoritario, inposatzaile eta atzerakoia den erregimenaren gerra estrategia bat ezkutatzen da.

Zoritxarrez, hasieratik genekien guztiok hau gerta zitekeela, espainiar proiektu politikoak bere egitasmoaren muinean inposizioa eta autoritarismoa baitauka. Espainiar altxamendu faxistak, frankismoaren basakeriek eta iragan horrekin hausteko borondate ezak osatu zuen ustezko 78ko erreforma. Oligarkiaren, IBEX35ren, Elizaren, Koroaren, botere banaketa ezaren, Guardia Zibil zein indar armatuen eta alderdi joko ustelaren neurrira ezarri baitziren 78ko erregimenaren zimenduak.

Espainiaren batasuna inposatzeko eta horren aurkako herri altxamendua suntsitzeko etorri zen Guardia Zibila Euskal Herrira. Sorreratik karlistadetan, frankismoaren pasarte ilunenetan, trantsizio odoltsuan, gerra zikinean, narkotrafikoa, sarekadak, inkomunikazioko torturak, kontrolak, jarraipenak, mobilizazioen aurrean oldartzen, tabernetan liskarrak eragiten… Gerra egitera etorri zirenak, beraien bakea inposatzeko geratu dira.

Altsasuko gatazka nekez gertatu liteke Euskal Herriak okupazio militarra pairatuko ez balu, gazteak egunero jazartzen dituzten indar errepresiboak harrokerietan ibiliko ez balira. Ez delako isolatua, Euskal Herriko txoko desberdinetan pairatu izan baititugu beraien erasoak.

Euskal gazteriaren etorkizuna jokoan dago. Espainia zein Frantziaren menpeko eta sistema kapitalista heteropatriarkarraren lurpean bizirautea da eskaintzen digutena. Bestelako Euskal Herri aske bat eraikitzen gabiltzan gazteok beraien jo puntuan gaude. Gaur Altsasuko gazteak dira, baina bihar gutako edozein izan daiteke.

Arazoa politikoa den heinean, konponbideak politikoa behar du izan. Indar okupatzaileak Euskal Herritik kanpora joan behar dira ezinbestean, Euskal Herriko indar errepresiboak desegin behar diren bezala. Haratago, konponbidea Euskal Herriaren eta bertako langile eta herri sektoreen eskutik etorriko da. Euskal Herriaren etorkizun politikoa burujabetzatik igarotzen da soilik, egiazko bake eta askatasuna erdiesteko.

Guzti honi erantzuteko, mobilizazioak antolatuko ditugu herriz herri ekainaren 14 eta 15ean. Ernaik dei egiten dio euskal gazteriari kaleak hartu, bertan parte hartu eta salaketa irmoa egitera.

Oztopoak oztopo, egunez egun Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabazten segi dezagun.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun