Euskal Herriko Unibertsitateak genero indarkeriaren kontrako protokolo berria du gaurtik, hala jakinarazi dute Leire Imaz Zubiaurre EHUko berdintasunerako zuzendariak, Nekane Balluerka errektoreak eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Leioan egindako ekitaldian.
Protokolo honen bidez "genero indarkerietatik libre" egongo den ingurunea sortu nahi da eta 2012an egindakoa ordezkatuko du. 300 lagunetik gorak hartu du parte bere erakuntzan, ikasle, administratzaile, irakasle, ikertzaile eta langileak kontuan izanik eta tresna garrantzitsutzat jo dute ekitaldian izandakoek, unibertsitateko espazio fisikoan eraso matxista jasaten ddutenei "laguntza nahiz babesa eskaintzeko".
Berritasunetako bat da EHUk batzorde bat sortu duela genero indarkeria kasuez arduratzeko, teknikari eta prebentzio, psikologia nahiz segurtasun zerbitzuetako kideez osatua. Batzorde horrek neurriak hartzeko ahalmena izango du "inplikatutako pertsonen segurtasuna bermatu" aldera eta laguntza eskainiko die erasoren bat jasan dutenei.
Horrez gain, EHUk sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak egingo ditu, eskuliburuak banatuko ditu eta praktika egokien kodea osatuko du, besteak beste. Imazek azaldu duenez, onartutako protokoloaren bidez konpromisoa hartu dute indarkeria matxistari loturiko "jarrera eta portaera horiei irmotasunez aurre egin eta prebenitzeko, unibertsitatetik desagerrarazi arte".
[Artikulu hau ARGIA.EUS-ek plazaratu du eta Cc-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn]