Kirolak  Getxo  Sopela  Uribe Kosta 2018-06-15 15:34

Erronka hirukoitza izango du Sopelako txirrindularitza-taldeak aste-akabuan

Sopela Women's Team txirrindularitza taldeak aste-akabu betea izango du. Gaur, barikuan, arrastiko 18:00etatik aurrera helduko dio Euskaldun Txapelketari Bergaran, eta lehiaketa bereko proba banatan jardungo du bihar eta etzi.

Erronka hirukoitza izango du Sopelako txirrindularitza-taldeak aste-akabuan
Sopela Women's Team taldeko kideak. © SOPELA WOMEN'S TEAM | Ikusi handiago | Argazki originala

Bergaran, San Martzial Igoera jokatuko dute, mendiko erlojupeko txikia baino gogorra. Sara Martín, Maria Martins, Sofía Rodríguez eta Ariadna Trías lasterkariek beteko dute 1.600 metroko ibilbidea, %11ko desnibelagaz.

Enara López barik

Proba berean izango da Enara López Gallastegi orain dela gutxira arte Sopela Women's Team-eko kidea izan dena, "independente" gisa. Ibilbide laburra egin du bilbotarrak Sopelako taldean; bitarte horretan, Bizkaiko errepideko txapela irabazi zuen Zeberion. Euskadiko ziklo-kroseko txapelduna ere bada. Elkar txirrindularitza-eskolako taldeetan hainbat urte jardun zuen aurretik Lópezek.

Bihar, zapatuan, Lakuntzan ibiliko da emakumezko txirrindularien tropela, bertako Emakumeen Saria jokatzeko. Proba Lakuntza eta Etxarri-Aranatz arteko 65,4 kilometroko ibilbidean jokatuko da. Lasterketa horretarako, domekan legez, Sara Martín, Maria Martins, Sofía Rodríguez eta Ariadna Trías txirrindulariek Ziortza Isasiren laguntza izango dute.

Aste-akabuko Euskaldun txapelketako azken proba Errioxako Entrena herrian egingo dute, goizeko 11:15ean. Bertan, 105 kilometro beteko dituzte 17,5 kilometroko zirkuituari sei bira emanez. Zailtasun handienak izango dira Sorzanoko gaina eta Entrenatik pasatzea.

Francisco Pla zuzendariaren arabera, "lehiaketa berrartuko dugu denboraldiaren bigarren zatiari aurre egiteko. Hitzordu garrantzitsuak ditugu eta ona litzateke horietara joera positiboagaz heltzea. Hiru proba oso ezberdinak dira, baina denetarako balio duen taldea daukagu; horrek ahalbidetzen digu jokatuko ditugun lasterketa bakoitzean garaipenaren bila ateratzea".

Moreaga eta Bioracer-Metallo

Kategoria gazteagoetan ere izango du presentzia eskualdeko txirrindularitzak. Moreagak Bergarara eroango ditu Zaira Domenech, Ainara Albert eta Uxue Albizua kadeteak eta Lorena de la Fuente, Ana Monfort, Ariadna Nevado, Amaia Malatsetxebarria eta Andere Basterra gazteak. Proba berean parte hartuko dute Bioracer-Metalloko June Herrera, Nerea Muñoyerro, Udane Bilbao, Sandra Gutiérrez eta Laura Muñoz kadeteek eta María Brizuela gazteak.

Euskaldun txapelketako sailkapena

Open-mailan, elite eta 23 urtez azpikoren batuketan, Bizkaia Durango Euskadi Muriasek osatzen du gaur egungo sailkapen nagusiaren podiuma, Cristina Martínez (71 puntu), Henrietta Colborne (53) eta Lucía González (53) txirrindulariakaz; Enara López da bosgarrena (36) eta Sopelako taldeko Sara Martín, seigarren (35).

Gazte-mailan, ostera, Moreaga talde sopeloztarrak lider indartsua dauka: Andere Basterra (80 puntu). Bere atzean geratu dira Garazi Erostarbe (Aloña Mendi, 63) eta Naia Amondarain (Oria, 55).

Azkenik, kadeteetan, Ainara Albert Moreagakoa da hirugarren 54 puntugaz eta eskualdeko Bioracer-Metallo taldeko Sandra Gutiérrez eta June Herrera, bosgarren (38) eta seigarren (36). Sailkapeneko buruan dabiltza Garazi Estévez (Gipuzkoa-Ogiberri, 73) eta Idoia Eraso (Nafarroa-Ermitagaña, 58).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa