OMEk astelehenean egin zuen publiko eguneratutako Nazioarteko Gaixotasunen Sailkapena, ICD-11 izena duena. Argia.eus atariak zabaldu duenez, eguneraketaz baliatuta, transexualitatea "sexu-osasunari lotutako baldintzak" biltzen dituen epigrafera pasatu dute, "genero-inkongruentzia" gisa izendatuta. Aldaketa horregaz transexualitateak orain arte "nortasun eta jarrera-nahasmenei" eskainitako epigrafean zeukan tokia betetzeari utzi dio, despatologizaziora bidean pauso bat emanda.
ICD-11 sailkapenak ordezkatuko du 1990etik indarrean egon den ICD-10 sailkapena. Aurreko horretan homosexualitatea sailkapenetik at geratu zen. Ordutik, sailkapenaren gaineko bertsio ugari baimendu badira ere, orain artean transexualitatea nahasmendutzat jotzen segitu dute, LGTBI kolektiboaren despatologizazio-eskakizunei entzungor. Atzoko aldaketan eskakizun horiek kontutan hartu dira, nahiz eta kolektiboak eskatzen duen despatologizazio osoraino bidea egiteke dagoen oraindino. LGTBI kolektiboak transexualitatea inkongruentzia ordez, norbanakoen arteko askotarikotasunaren adierazpen-modutzat hartzea eskatzen du.
ICD-11 2019ko maiatzean aurkeztuko da Osasunaren Mundu Erakundearen asanblada orokorrean, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ipiniko da indarrean.