Mugak Zabalduz karabana aurkeztu dute Itzubaltzetan

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 19a, 15:45

Gaur, ekainaren 20a, Errefuxiatu eta Migratzaileen Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, atzo arrastian Mugak Zabalduz karabana aurkeztu zuten Itzubaltzeta/Romoko kultur etxean. Besteak beste Italiako egoera berbabide eduki zuten, Iparraldeko Liga eta Bost Izar Mugimenduaren arteko gobernu-hitzarmenaren eta "Aquarius" ontziko errefuxiatuei babesa ukatu ondoren.

Mugak Zabalduz karabana Italiara abiatuko da, "politika xenofobo erailtzaileak eta elkartasunaren kriminalizazioa" salatzeko. Hirugarren urtez segidan, iberiar penintsulako 100 erakundek baino gehiagok bat egingo dute, datorren uztailaren 13tik 22ra, Europako mugetan giza eskubideak urratzen direla arbuiatzeko. Hala, Euskal Herritik eta Espainiako Estatuko zenbait lekutatik, Italiako hiru gunetara joango dira: Frantziarekiko mugara, Siziliara eta Calabriara. Inmigrazioaren aurkako gobernu-hitzarmena izango du jomuga ekimenak. Mugak Zabalduz karabanaren ustean, "Italia berria xenofobiako 'x'-z idazten da".

2016an, karabana Grezian izan zen, eta bertan EBren eta Turkiaren arteko "lotsaren ituna" salatu zuen, eta joan-etorri segurua zein harrera duina aldarrikatu zituen, Siriako gerratik ihesi zeudenentzat. 2017an, Melillan, Europara heldu bezain lasterreko itzulketak, kontzertinadun hesiak eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak salatu zituen, bai eta joan-etorrian dauden emakumeek jasan beharreko indarkeria, mugen arteko langileen lan-esplotazioa eta Marokorekiko mugak azpikontratatzeko akordioak ere.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun