Jai seguruak eta askeak aldarrikatu dituzte Uribe Kostako neska gazte feministek

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 21a, 08:49

Udako jaiak hastear daudenean, Uribe Kostako neska gazte feministek gogoratu dute eraso matxistak errepikatzen direla urtero. Hori dela eta, elkartzeko beharra ikusi dute, "guretzako seguruak eta askeak izan behar diren jaiak aldarrikatzeko". Hala, antolatuta daudela eta erantzunak kolektiboki emango dituztela iragarri dute: "Autodefentsa feminista da gure arma: hamaika eraso, hamabi erantzun!".

Irakurritako oharra, osorik

Lehenik eta behin, herenegun Urdulizen emandako erasoa irmoki salatu nahi dugu. Indarkeria matxistak gogor kolpatzen jarraitzen gaitu, baina nazkatuak gaude, haserre gaude. Entzun gaitzatela ozen: Erasorik ez erantzunik gabe!

Jaien atarian gaude, eta urtero- urtero jai batetik bestera errepikatzen diren eraso matxisten aurrean, Uribe Kostako neska gazteok elkartzeko beharra ikusi dugu, guretzako seguruak eta askeak izan behar diren jaiak aldarrikatzeko.

Sistema kapitalistak dena merkantilizatzen duen garaiotan, heteropatriarkatuarekin aliatu eta gu geu, neska gazteok, bilakatu gaitu kontsumo objektu; gizonezkoen plazera asetzeko tresna bagina bezala, objektu sexual gisa esposatzen gaituzte eskaparate zein iragarkietan. Neska gazte izatea salgai dagoen merkantzia izatea dakar gaur egun. Salgai, eta oso merke gainera. Gure bizitzek eta erabakiek ez dute deus balio.

Eta jaietan zer esanik ez. Sustatzen den jai eredua kontsumoari estuki lotua dagoen neurrian, jai giroan modu adierazgarrian handitzen da neska gazteoi egokitu zaigun objektu sexualaren papera, eta denak balio duenaren aitzakiapean inpunitate osoz erasotzen gaituzte. Egin ezazu dantza, baina ez sensualegi; ez dezala pentsatu dantzak ohera eramango zaituztenik. Jar zaitez polit, baina onartu botako dizkizuten piropo nazkagarriak. Erakutsi zure gorputzaren formak, baina baimenik gabe ukitzen zaiteztenean ez kexatu. Ligatu baina ez gehiegi; ez izan ez monja, ez puta.

Gu gara erasotuak garenak, baina baita epaituak garenak ere. Heteropatriarkatuaren paradoxa. La Manadaren kasuak eta beste askok erakutsi diguten bezala, justiziak erruduntzat gaitu: Hankak ondo itxita zenituen? Nola zindoazen jantzita? Berotu al zenuen zuk bera? Agian ez zenuen ezetza argi adierazi… Erailak eta bortxatuak gara, baina indarkeriak aurpegi gehiago ere baditu: zuenak direla pentsatuta gure gorputzak ukitzea erasoa da, lizunki begiratzea erasoa da, gure kuadrilla zirkuluan gonbidatua izan gabe sartzea ere erasoa da, eta noski, ezezko bat jaso, onartu ez eta tematzea erasoa da.

Hamaika dira pairatzen ditugun erasoak, eta ez dugu bat bera ere onartuko; Euskal Herri feminista baten eraikuntzan, guztion ardura da jaiak eta, bereziki, txosnaguneak espazio seguru eta askeak izan daitezen lan egitea. Baina horrela ez den bitartean, hamaika eraso horiei hamabi aldiz erantzuteko prest gaude. Uribe Kostako neska gazteok antolatuta gaude eta erantzunak kolektiboki ematera gatoz! Autodefentsa feminista da gure arma: hamaika eraso, hamabi erantzun!!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun