Bertoko eta hango dantzez gozatzeko aukera egongo da Algortan eta Astrabuduan

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 20a, 12:00

Nairobiko (Kenya) African Tumbas taldeak Algortan dantzatuko du uztailaren 22an, domekan. © AFRICAN TUMBAS

Getxoko 34. Nazioarteko Folklore Jaialdia uztailaren 22tik 24ra bitartean egingo dute, Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan. Uztailaren 26an, berriz, 32 urte beteko ditu Erandioko Nazioarteko Folklore Jaialdiak.

Hainbat herrialdetako musika, dantzak eta jantzi tradizionalak ez dira faltako Erandion eta Getxon, uztailaren 22tik 26ra bitartean. Batetik, Erandioko nazioarteko folklore-jaialdiaren 32. edizioa egingo da aurtengoa, Astrabuduko Trabudu Dantzari Taldearen partaidetzagaz. Bestetik, Itxartu Euskal Dantzari Taldearen ekimenez atzerriko taldeak Algortara dantzatzera etortzen diren 34. aldia izango da. Horri dagokionez, ohi den legez, hiru eguneko jaialdia antolatu dute Getxon; uztailaren 22tik 24ra, hain zuzen ere. Emanaldi denak 21:00etan izango dira, Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan; sarrera, doan. Aurton, Kenyako eta Siberiako dantza tradizionalez zein euskal folkloreaz gozatzeko aukera izango dute hurreratuko diren den-denek.

Algortan, hiru egunez

Lehenengo egunean, domekan, African Tumbas talde kenyarra igoko da agertokira. 1996an Nairobin sortutako taldearen helburu nagusiak Kenyako folklore aberatsa erakustea eta bultzatzea dira, kantuaren zein dantzaren bidez. Afrikako gizarte-mailako zein adierazpen espiritualetan ohikoa da musika eta dantza bitartekotzat erabiltzea; eta African Tumbasek hori agerian utzi gura du bere ikuskizunetan. Aurkeztu ohi duen errepertorioak Kenyan dauden erlijio eta etnia ugariren lekukotza eman gura du; hori helburu, berbarako Isukuti dantza egiten dute, eta horren jatorria Luhya (Kenyako mendebaldean) eta Kilumi (ekialdean) komunitateak dira.

Bigarren egunean, etxeko taldeak dantzatuko du. Itxartu Euskal Dantzari Taldea 1976an sortu zen Algortan, eta euskal kultura bultzatzea da bere helburua, are gehiago, betiko euskal kulturaren folklore-adierazpena berreskuratzea, zabaltzea eta hedatzea. Gaur egun, horretan dihardute ehun lagunek: musikariak, dantzariak, gurasoak eta laguntzaileak barne. Urte hauetan denetan taldeak hainbat emanaldi eta jarduera antolatu ditu Getxo udalerrian eta Euskal Herriko beste hainbat herritan, baita kanpoan ere: Andaluzian, Galizian, Katalunian, Portugalen, Txekiar Errepublikan, Argentinan... beti ere euskal folklore aberatsa ezagutzera emateko helburua gogoan.

Getxoko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren egitarauari jarraituz, azken egunean, Siberiako (Errusia) Ogonki taldea egongo da Biotz Alai Abesbatza plazako agerlekuan. 1967an sortua, Altai delako lurralde siberiarrean egindako emanaldiak bakarrik zenbatuz gero, sei mila kontzertu baino gehiago eskaini ditu mende erdiko historian. Horiez gainera, bere ikuskizuna Errusia osoan ere taularatu du, eta Belgikan, Bulgarian, Alemanian, Hungarian, Kazakhstanen, Txinan, Espainian, Italian, Polonian, Errumanian, Frantzian eta Maltan ere bai.

Erandion, egun batez

Trabudu Dantzari Taldea 1976an sortu zen Astrabuduan, folklorea eta euskal tradizioak indartzeko asmoz. Gaur egun, ehun bat dantzarik eta musikarik osatzen dute, eta 350 bazkide baino gehiago dauzka, Erandiokoak eta kanpokoak. Urte osoan, Astrabuduan hainbat ekitaldi antolatzen ditu: Olentzeroren kalejira, Santa Ageda edo helduei begirako dantza-ikastaroak, besteak beste.

Trabuduz gainera, Trim the Velvet taldeak ere bere dantza-ikuskizuna eskainiko du uztailaren 26an. Irlandako dantza tradizional bati gorazarre egiteko hautatu zuen izen hori Belfasteko taldeak. Kathy O’Connor da taldearen sortzailea eta koreografoa, eta haren gidaritzapean trebatu dira taldeko kideak. Irlandako sona handiko ekitaldietan jardun dute, eta herrialdearen ordezkari legez ibili dira Europako nazioarteko jaialdietan. Dantzari eta musikari trebe-trebeak dira, egundoko ikuskizunak eskaintzen dituzte, eta mundu liluragarri batera aise eroaten dituzte ikus-entzuleak musikaren, dantza hunkigarrien eta kantu gogoangarrien bidez.

Emanaldia Astrabuduko Mendiguren plazan egingo dute talde biek, uztailaren 26an, eguenean, 19:30ean; sarrera, doan.

Egitaraua:

Getxo

Uztailak 22, domeka

  • 21:00    African Tumbas (Kenia), Algortako Biotz Alai plazan. Sarrera, doan.

Uztailak 23, astelehena

  • 21:00    Itxartu (Algorta, Euskal Herria), Algortako Biotz Alai plazan. Sarrera, doan.

Uztailak 24, martitzena

  • 21:00    Ogonki (Siberia, Errusia), Algortako Biotz Alai plazan. Sarrera, doan.

Erandio

Uztailak 26, eguena

  • 19:30    Trabudu (Astrabudua, Euskal Herria) eta Trim the Velvet (Belfast, Irlanda Iparraldea), Astrabuduko Mendiguren plazan. Sarrera, doan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun