"Itsasontziak. Erreskatean!" filma euskaraz estreinatu dute Getxo Zinemetan

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 20a, 20:15

Zineuskadi plataformak "Itsasontziak. Erreskatean!" (Norvegia, 2017) filma estreinatu du gaur Getxo Zinemak aretoan eta beste hainbat herritan; datorren egunera arte ikusi ahal izango da, 17:30ean. Leioako Artea merkataritza-zentroan ere euskaraz ematekoak ziren, baina karteldegian gaztelerazko bertsioa iragarri dute.

Gaurko estreinaldian, Elias salbamenduko itsasontzia da protagonista, Norvegiako umeek ondo baino hobeto ezagutzen duten pertsonajea. Izan ere, 1999an kaleratu zen bere abenturen gaineko lehenengo liburua. Sei urte beranduago heldu zen telebistara, 39 episodioko serie baten bidez. 2009an eta 2010ean animazio-filma bana egin zuten; eta 2014an, telebistara bueltatu zen Elias, emozioz beteriko beste 52 kapitulugaz. Azkenik, iaz estreinatu zen "Elias og Storegaps Hemmelighet" ("Itsasontziak. Erreskatean!") film berria.

Sinopsia

Animaziozko film berrian, Eliasek larrialdi-deia jasoko du Norvegiako Big Harbor ondoko hiritik. Ekaitza dator eta bere laguntza beharko dute Zulo Beltza izeneko haitzuloan hondoa jo duen itsasontzietako bat erreskatatzeko. Erakutsitako ausardiaren sari moduan, bertako erreskateko itsasontzi bihurtzeko aukera eskainiko diote eta, ondorioz, Eliasek bere lagunak utzi eta metropolira bizitzera joan beharko du.
Halere, hiriko bizimodua ez da berak espero zuen bezalakoa. Bertako talde bategaz izandako liskarraren ondorioz, ikusiko du jende hori modu ilegalean induskatzen dabilela, harribitxi bat aurkitzeko; harribitxi horrek eragina dauka kliman, igortzen dituen uhin elektromagnetikoak direla-eta Elias arerioak garaitzen saiatuko da, baina horretarako bere lagunen laguntza behar duela jabetuko da.

Laster estreinaldi gehiago

Zineuskadik familia osoarentzako filmak euskaraz eskaintzen segitzen du; bere helburua da euskararen erabilera bultzatzea, kultur komunikazioko bitarteko gisa. Hala, bide horretan jakinarazi du udagoiena "estreinaldiz beteta" iritsiko dela, eta Zinema Euskaraz programako ohiko ikusleek, besteak beste, "Small Foot", "The House with a Clock in Its Walls" eta "Udare erraldoiaren istorio sinestezina" moduko filmak ikusi ahal izango dituztela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun