Gertaera atzo, 16:00ak aldera hasi zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Ordu horretan, "zerbitzuz kanpo zegoen" ertzain batek pertsona bi harrapatu zituen Barrikako bere etxearen barruan, antza "lapurtzeko asmoagaz". Poliziak "aurre egin zien" gaizkileei eta horiek oinez ihesaldiari ekin zioten. Ertzaina segika ibili zen, autoz. Metroko trenbidetik hur, poliziak harrapatu zituen eta polizia gisa identifikatu zen, susmagarri biak atxilotzeko asmoz. Momentu horretan, borrokaldia hasi zen eta ustezko ebasleek arma zuri batez eraso egin ei zioten. Hala, gaizkileek ihesaldiari ekin zioten berriro ere.
Susmagarriak hiru orduz segitu zituzten hainbat ertzain-patruila eta Sopelako Udaltzaingoak baso-bideetatik, sei kilometroko inguruan. Sopelako udaltzainen patruila batek hainbat lekukoengandik informazioa batu eta hainbat oinatz topatu zuten. Hala, arrastoa segitu zuten Urdulizko noranzkoan lehenengo eta Berangorantz geroago, kale, bide eta sasi-guneetatik. Segimendu horren eraginez, susmagarri biak atxilotu zuen Ertzaintzak Berangoko merkataritza-gunearen kanpoko aldean.
Atxiloketan parte hartu zuten polizien arabera, atxilo hartutako gazte biak "lehertuta" zeuden hiru orduko ihesaldiaren ostean. Bestalde, Segurtasun Sailak zabaldu egin du gazte biek aurrekariak dituztela jabetzaren aurkako delituengatik.
Segurtasun Sailak goraipatu egin du Sopelako udaltzainek egindako lana, "gakoa" izan zelako susmagarriak atxilotzeko.
Ertzainaren egoera
Ertzaina zaurituta gertatu zen, gorputzean bederatzi sastada zituela, topatu ez duten "tamaina txikiko objektu mehe" batez egina. Ziztadetako bi sakonak ziren, eta biriki bat eta saihetsaldea kaltetu zituzten. Mediku-arreta jasotzeko Urdulizko ospitalera eroan zuten, baina bertatik Gurutzetara lekuz aldatu zuten, pronostiko erreserbatuan. Bertan segitzen du, baina "arriskutik kanpo", Ertzaintzak baieztatu duenez.