Pasealekutik manifestazioa ere egin zuten.
Eguneko argazkiak
Irakurketa
"Abuztuko lehen asteburua oporren hasieragaz lotzen dugu gehienok; herrietako jaiak, aspaldiko lagunak, bidaiak, mendia eta hondartza. Baina Euskal Herrian badira oraindino, dispertsioak, erbesteak eta deportazioak eraginda, uda euren lagunakaz, senideakaz edo gertukoakaz egoteko milaka eta milaka kilometro egin behar dutenak. Deserrira zein Espainiako eta Frantziako espetxeetara. Arrazoi horregatik, Etxeratek urtero egiten duen legez, euskal jendartea zein gutako bakoitza interpelatu egiten gaitu, eta dispertsioaren aurka zein preso eta erbestean direnen etxeratzearen alde Euskal Herriko hondartzetan hitzordua ezarri du abuztuko lehen domekarako.
Azken lau urteetan, deialdi honegaz bat eginez, euskal preso, iheslari eta deportatuen askatasuna aldarrikatzeko ekimena antolatu da Gorliz eta Plentzian: Itsas Martxa!
Aurten ere bai, bosgarrenez, ekimen herritar, parte-hartzaile, koloretsu eta zaratatsu honek aukera ematen digu urrun diren horien denen askatasuna eskatzeko, eta inoiz baino ozenago gaixorik bahituta mantentzen dituzten Julen, Aitzol, Ibon eta Txusena!
Itsas-martxan beti saiatu gara errepresaliatuen senideei keinu edo omenaldi xumea egiten, herri honen sufrimenduaren adierazle izateaz gainera, eskuzabaltasunaren eredu direlako. Jarraian, dispertsioak hildako senide bakoitzagatik krabelin bi jaurtitzen ditugu uretara, eta era berean, zoritxarrez iaz bezala Kepa del Hoyogaz aurten Antxo eta bere senideez gogoratzea egokitu zaigu. Azkenak izatea denon betebeharra da!
Hertzainak taldearen abestiak esaten duen moduan: "Arrainak ura behar du eta herriak zu behar zaitu!" alde batetik presoak, iheslariak eta deportatuak etxean eta libre, bestetik, zu gaur itsas-martxan parte hartzen! Bihar hondartzetan eta egoera aldatu arte borrokan!
Askatasuna euskal preso, iheslari eta deportatuentzat!