Orain dela sei urte sartu zen lehenengoz EHU Shanghai rankingean. Iaz arte 401-500 postuen artean egon da, baina aurtengo argitalpenean gora egin du, eta munduko 400 unibertsitate onenen artekotzat jotzen dute orain. EHUK berak nabarmendu duenez, Espainiako Estatuko hamar unibertsitate baino ez dira ageri zerrendan, eta horietatik zazpi besterik ez lehenengo 400en artean.
Zerrendako lehenengo ehun unibertsitateak banan-banan sailkatuta daude, puntuazio-sistema zorrotz baten arabera. Hurrengo ehunak 50eko bloke bitan bereizita daude, eta 201etik 500era bitartekoak ehunakako multzoetan sailkatzen dituzte. Ebaluazioa egiteko, Nobel Saria edota matematikako Fields domina jaso dituzten irakasle eta ikasle ohiak, ospe handiko ikertzaileak eta Nature eta Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak hartzen dituzte kontuan, besteak beste.
EHU, gainera, munduko 51-75 unibertsitate onenen artean kokatu dute Ingeniaritza Kimikoaren arloan, eta 101-150 bitartean dago Nanozientzia eta Nanoteknologia eremuan, baita Kimikan ere.
Shanghai zerrendako lehenengo hiru unibertsitateak, hurrenez hurren, Harvard, Stanford eta Cambridge dira. Lehenengo hamarretatik zortzi AEBetan daude, eta beste biak (Cambridge bera eta, ezetz igarri, Oxford) Erresuma Batuan.