IHOBE sozietateak azaldu duenez, kanpainaren helburua da herritarrak ekonomia zirkularraren prozesuetan murgilaraztea, erantzukizun handiagoz kontsumitzen eta hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzen irakatsiz. Kanpainarako aukeratutako leloa "Reciclar es lo nuestro" da gaztelaniaz; euskarazko bertsioa, ostera, "Birziklapenean jaioak (sic) gara".
Helburu nagusia da EAEn gutxienez ontzien % 60 eta hondakin guztien % 70 birziklatzea 2030. urtea baino lehen, Europar Batasunak ekonomia zirkularraren eremuan ipinitako helburuakaz bat egiteko. Sortzen den guztizko hondakin-kopurua % 10 gutxitzeko konpromisoa ere agertu dute erakundeek.
Abuztuan hamaika hondartzatan eta hiru herritan ibiliko da kanpainaren euskarri nagusia, karpa ibiltari bat. Abiapuntua Plentziako hondartza izan zen, atzo, abuztuaren 20an, eta hil hau amaitu baino lehen beste bi bider etorriko da karpa Uribe Kostara: 23an Sopelako Arriatera-Atxabiribil hondartzara, eta 27an Algortako Ereagara.
Goizero zabalik
Egunero 11:00etatik 14:00etara egongo da karpa zabalik. Alde batetik, informazio-panelen bidez azalduko da zeintzuk diren ondo birziklatzeko moduak, zer jazotzen da birziklatze-guneetan guk edukiontzietan utzitako ontziakaz, eta beira eta kristala zelan ondo bereizi, besteak beste. Gainera, hurbiltzen direnentzako jolas-ekintzak antolatuko dituzte. Besteak beste, ordu erdiro kanpainako abestia ipiniko dute megafonian, eta inguruan dabiltzanei birziklatutako ontziz egindako perkusio-tresnak emango dizkiete, horiek joz musika-doinuari laguntzeko.