Garazi Sanchez eta Leticia Canales Munduko Surf Jokoetan lehiatuko dira, Japonian

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 4a, 14:53
Leticia Canales. © BASQUE TEAM

Garazi Sanchez getxoztarrak eta Leticia Canales sopeloztarrak datorren astean bidaiatuko dute Japoniako hegoaldera, Tahara hirira. Bertan, Munduko Surf Jokoetan parte hartuko dute, irailaren 15etik 22ra. Iaz, brontzezko domina lortu zuen Sanchezek, taldekako sailkapenean.

Munduko Surf Jokoak Nazioarteko Surf Elkarteak (ISA) antolatzen ditu, estatu-selekzioen artean. Hala, aurten daborduko 37 estatuk parte hartuko dutela iragarri dute, tartean Espainia. Selekzio horretan lehiatuko dira Sanchez eta Canales, Pablo Solar hautatzaileak sortutako Euskal Herriko eta Galiziako konbinatuan. Taldeko beste kideak izango dira Andy Criere eta Nadia Erostarbe euskaldunak eta Gony Zubizarreta eta Vicente Romero galiziarrak.

Taharako hitzorduan nazioarteko surflari onenetako batzuek jardungo dute; Japoniako Kanoa Igarashi eta Australiako Sally Fitzgibbons dira ezagunenak. Igarashik lehenengo aldiz lehiatuko da Japoniaren izenean, orain arte AEBren ordezkaria izan ondoren. Selekzio horregaz lortu zuen bosgarren lekuan sailkatzea iaz, Biarritzen. Euskal Herriko hitzordu horretan, Garazi Sanchez 17. postuan geratu zen norbanakoen atalean eta 3., taldeka. Sally Fitzgibbons, ostera, Munduko Sur Ligako emakumezkoen txapelketako 8. sailkatua da gaur egun. Fitzgibbonsek Munduko Surf Jokoetako norbanakoen urrezko domina jantzi zuen 2008an, Portugalen. Beste surflari aipagarri batzuk dira Brasilgo Ian Gouveia eta Zeelanda Berriko Paige Hareb. Halere, irailaren 5era arte selekzio denek ez dituzte euren partaideen izenak iragarriko eta azken orduko ezustekoak egon litezke.

Antolatzaileen ustean, gerta liteke iazko lehiakide-kopurua gainditzea. Euskal Herriko jokoetan, 245 atleta lehiatu ziren, 47 taldetan. 2020an, Japoniako Olinpiar Jokoetan surfa kirol olinpikoa izateak lagun dezake marka hori apurtzen. Halere, aurtengo Munduko Surf Jokoak ez dira baliagarriak izango Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko. Datorren urteko edizioari itxaron behar izango zaio horretarako.

Taharak bai estreinatuko duena parekidetasuna izango da. Lehenengo aldiz, Munduko Surf Jokoetan emakumezkoek eta gizonezkoek lehiagune-kopuru bera izango dute.

Jokoen lehiaketa zuzenean ikusi ahal izango da Isasurf.org webgunean.

Egitaraua

Irailak 14, barikua

  • Prentsaurrekoa

Irailak 15, zapatua

  • 10:00 Selekzioen desfilea eta irekitze-ekitaldia, Taharako udal-jauregian.

Irailak 16-22

  • 08:00-16:00 Lehiaketa, Taharako Long Beach-en.

Irailak 22, zapatua

  • Amaiera-ekitaldia, Taharako Long Beach-en.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun