Emanaldian parte hartuko du María Torrellas kazetari eta filmaren zuzendari eta gidoilariak; dokumentalaren aurkezpena eta ondorengo solasaldia berak egingo ditu. Ekimena Bilgune Feministak eta "Resumen Latinoamericano" aldizkariak antolatu dute. Izan ere, filma "Resumen Latinoamericano"-k ekoiztu du. Joan den ekainaren 20an estreinatu zen film argentinar hori mundu-mailan, Habanan, eta bariku honetan lehenengo aldiz ikusi ahal izango da Euskal Herrian.
Filmak arreta ipini die Kubako iraultzan eta aurretiko gerrilla-borrokan emakumeek jokatu zuten rolari, planteatu zituzten borrokei eta jaso zituzten lorpenei, zein paper hori gaur egunera arte zelan heldu den. Celia Sánchez, Vilma Espín eta Haydee Santamaría Iraultzako heroien eredua konstante bat da filmean. Hala, 94 minutuan, hainbat adinetako mediku, zientifiko, artista, politikari eta militanteren lekukotasunetatik edan du horretarako, denak emakumeak. Andre horiek euren esperientzien eta bizipenen berri eman dute eta 1950eko hamarkada hartan sustatu zituzten balioek zer eragina izan duten baloratu dute: "Iraultza da garen den-dena" da protagonista baten laburpena.
María Torrellas euskal eta argentinar kazetari eta dokumentalistak azaldu duenez, "Cubanas, mujeres en Revolución" filma urteetan landutako proiektua izan da, 2017an grabatu zutena. "Fidel Castrok gidatutako prozesuaren baitan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borroka, aurrerapenak eta lorpenak ezagutarazteko interesa geneukan 'Resumen Latinoamericano'-k eta biok". Izan ere, Torrellasen ustean, "urteak joan eta urteak etorri, konturatu naiz Kubako emakumeen eta Latinoamerikako eta Hirugarren Munduko beste emakumeen artean dagoen aldeaz. Guk sistemaren beste aldean, kapitalismoaren eta patriarkatuaren aldean, amestu ere egiten ez ditugun helmugetara heldu dira". Hala, "kultur bataila" eman eta Kubako eredua ezagutaraztea erabaki du Torrellasek.