"Finantzazio egonkorra eta nahikoa" eskatu du Nekane Balluerka errektoreak EHUren ikasturte-hasierako diskurtsoan

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 10a, 17:08

Gaurko ekitaldia. © EHU

Nekane Balluerka EHUko errektoreak adierazi du unibertsitateak erakundeen finantzazio nahikoa eta egonkorra behar duela 2019-2022 epealdirako, "unibertsitateak berak baliabideak lortzeko daukan erantzukizuna ahaztu gabe". 2018-19 ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin dute gaur Leioa-Erandioko campusean; bere berbaldian, unibertsitate "bikaina eta ez-elitista" izateko helburua defendatu du Balluerkak.

Bizkaiko Campuseko Areto Nagusian egin da kurtsoa hasteko ekitaldia, EAEko eta Bizkaiko erakundeetako hainbat ordezkari esanguratsugaz, Iñigo Urkullu lehendakaria barne. Helburuak betetzeko eta "kalitatea hobetzeko" behar besteko finantzazioa eskatu du Balluerkak, baina EHUk bere kasa ere baliabideak lortzeko gaitasuna eduki behar duela azpimarratuz.

Unibertsitatea ez-elitista izatearen alde berba egin du errektoreak: "Unibertsitate publiko batek ezin du oztoporik ipini bere sarbide-sisteman, edo gaitasun intelektualaz bestelako eskakizun-irizpiderik erabili".

EHUk esku artean dituen proiektuak azaldu ditu Nekane Balluerkak: 2019-22 aldirako Ikerketa Plana, Eleaniztasun Plana, Euskararen III. Plan Gidaria, eta Garapen Jasangarrirako Plan Estrategikoa, besteak beste. Gaineratu du unibertsitateak lan-eskaintza publikoa egingo duela, bai administrazio-arloko postuetarako, bai irakasle-ikertzaileen alorrean. Era berean, hainbat ikasketa berri ipintzeko asmoa dago.

Euskarazko matrikulazioak, erdia baino apur bat gehiago

Graduko 33.000 ikasle inguruk hasi dute ikasturtea EHUn. Horietatik 8.300 berriak dira, % 52 euskarazko adarretan eta % 48 gaztelaniazkoetan. Ikasle berrian erdia baino gehiago (% 55,25) Bizkaiko campusean matrikulatu dira. Guztira, 86 gradu eskaintzen ditu EHUk ikasturte honetarako.

Ikasle presoen aldeko aldarria

Areto Nagusiaren barruan kurtso-hasierako ekitaldia egiten zebiltzan bitartean, kanpoko aldean euskal presoen EHUn eta euskaraz ikasketak egiteko eskubidea errespeta dadin eskatzeko batu dira Etxerateko hainbat kide, unibertsitateko irakasle, ikasle eta bestelako langile batzuekaz batera. Gogorarazi dutenez, presoek debekatuta daukate EHUn ikastea 2003az geroztik.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote legedia bete eta presoek EHUn ikasi ahal izateko aukerak bermatzea. "Izan ere, 2004ko EAEko Unibertsitate Sistemaren Legeak dio bertako biztanle guztiek daukatela eskubidea unibertsitatean ikasteko, salbuespenik gabe".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun