Euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza-ohiturak aldatzea da Euskaraldia ekimenaren helburua. Euskal Herriko hainbat elkartek urteetan landutako "Euskarak 365 egun" lan-ildoaren barruan dago, eta mugarri bi ditu: euskal hiztunen aktibazioa eta euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea. Horretarako, "11 egun euskaraz" saioa egingo dute 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Egun horietan denetan, 16 urtetik gorako herritarrek Ahobizi eta Belarriprest rolak hartu ahal izango dituzte. Ahobizi izango dira ulertzen duten denei euskaraz berba egiten dieten lagunak. Belarriprest, aldiz, gutxienez euskaraz ulertzen duten kideak, gainontzekoei euskaraz jarduteko gonbidapena egiten dietenak, alegia. Getxon, gainera, hirugarren rol bat izango dute aukeran: Irribizi. Euskara ulertu ez baina horren alde egiten dutenek hartuko dute paper hori.
Getxoko Euskaraldiaren dinamizatzaileek azaldu dutenez, aukera hori nabarmendu gura izan dute pertsona horiei esker euskarak biziberritze indartsua izan duelako udalerrian azkenengo hamarkadetan. Zehaztu dutenez, XIX. mendean biztanleen % 90 euskalduna bazen ere, 1981. urtean getxoztarren % 9,9 baino ez zen euskal hiztuna. Ordutik gaur arte, milaka ahalegin kolektibo, publiko, pribatu eta pertsonalen ondorioz, Getxoko biztanleen % 33,28 euskal hiztunak dira eta beste % 23,07 ulertzeko gai dira. "Gure hizkuntzaren eta kulturaren berreskurapen indartsu honetan azpimarratzekoa da Irribiziek egin duten lana. Euskararik jakin ez arren euren seme-alabak euskaldundu dituztenei esker egin du euskarak aurrera gure herrian", azaldu dute. Pertsona horiei denei eskerrak emateko omenaldia egingo dute azaroaren 16an Romo Kultur Etxean.
Aurkezpenak Leioan eta Plentzian
Barikuan, hilaren 21ean, Leioako Euskaraldiak bere hamaikakoa aurkeztuko du Boulevardean, 19:30ean. Ekimena zer den azaldu eta bertsolariak, puxikak eta musika egongo dira. Gainera, izena emateko aukera zabalduko dute. Egun berean aurkezpena egingo dute Plentzian. Ontziola plazan ipini dute hitzordua, 19:00etan, eta bertan ekimenaren nondik norakoak azaldu eta hamaikakoa aurkeztuko dute, besteak beste. Arduradunek jakinarazi dutenez, euria egitekotan udaletxeko arkupeetan egingo dute ekitaldia.
Euskaraldian izena emateko aukerak. Une honetan, eskualdeko ia herri denetan dago martxan Euskaraldia ekimena (Berango, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz). Orain, baina, udagoienean izango den hamaika eguneko ariketa sozialean parte hartzeko izena emateko ordua dute norbanakoek. Horretarako, dinamizatzaileek hainbat aukera emango dizkiete herritarrei. Gura dutenek honako helbideetara idatzi ahal izango dute: Erandion, euskaraldiaerandio@gmail.com; Getxon, euskaraldiagetxon@gmail.com; Leioan, leioaztarrak@gmail.com; eta eskualdeko gainontzeko herrietan, euskaraldiauribekostan@gmail.com.