Presoen aldeko ekimenak 400 pertsona baino gehiago batu zituen Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 24a, 17:22

© KALERA KALERA

Uribe Kostako errepresaliatu politikoen aldeko mobilizazioan parte hartu zuten atzo, domekan, 425 lagun inguruk, Kalera Kalera ekimenaren esanetan. “Garaia da gatazkaren konponbidean urratsak emateko eta, ondorioz, errepresaliatu guztiak etxera bueltatzeko”, adierazi zuten.

Martxa bikoitza eginez hasi zen preso, deportatu eta iheslarien aldeko ekimena. Zutabe bat Astrabudutik abiatu zen, eta Leioa, Itzubaltzeta eta Algortatik igaro zen; 250 pertsona inguru batu ziren horretan.

Beste zutabean gutxi gorabehera 175 lagunek parte hartu zuten, eta Plentziatik irtenda, Barrika, Urduliz eta Sopela zeharkatu zituen. Zutabe biek Berangon egin zuten bat, eta hantxe egin zituzten ekitaldia eta ondorengo bazkaria.

Errepresaliatuen senitartekoei omenaldia egin ostean, preso, iheslari eta deportatuen egoera salatu zuten Kalera Kalerako kideek. “Jendartearen gehiengoak hamaika aldiz adierazi duen moduan, garaia da gatazkaren konponbidean urratsak emateko”, esan zuten, baita Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera zurruna kritikatu ere.

Gogoratu zutenez, Uribe Kostako hamazazpi preso daude euskal preso politikoen kolektiboan, eta deportatu bat ere bai, Sao Tomén. Hiru presok (Iñaki Bilbao, Urko Labeaga eta Patxi Marqués) espetxean daborduko hogei urte baino gehiago bete dituztela ere azpimarratu zuten. Azkenik, deia zabaldu zuten urriaren 20an Donostian egingo den manifestazio nazionalera joateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun