Bizkaiko pinuak gaixo dabiltza, "Lecanosticta acicola" onddoaren eraginez. Zuhaitzak sikatu egiten dira apurka-apurka, hil arte. Hala, kolore berde biziz janzten ziren eremuetan marroi eta okre hitsa ageri dira. Izan ere, inguruotako mendietan nagusi den zuhaitz espeziea da "pinus radiata", Ipar Amerikatik duela 100 urte pasatxo gurera heldu zena. Eta, Bizkaian soilik, 67.000 hektarea pinudi dago gaixotasun horren mehatxupean, hau da, lurralde historikoaren azaleraren herena.
Bizkaiko Basozainak Elkarteak jakinarazi duenez, gaixotasun horrek "pinus radiata"-ri eragiten dio gehien, baina beste espezie batzuk ere gaixotzen dabiltza onddoaren eraginez, hala nola larizio pinua. Azaldu dutenaren arabera, Lea Artibai eskualdean dago hedatuen gaixotasuna, baina Uribe Kostan ere kaltetutako zuhaitzak ikus daitezke. Argitu dutenez, hemen ez da askorik hedatu momentuz, pinuak baino zabalduago daudelako eukaliptoak. Hala ere, banda gorria edo marroia izenagaz ezagun den gaixotasuna ia Bizkaia osotik hedatu da, Arratiaraino. «Azkenengo kalkuluen arabera, Bizkaiko pinuen herena jota dago», azaldu dute basozainek.
Kudeaketa egoki baten beharra
Askotariko saiakerak egin dira gaitzari aurre egiteko, baina Bizkaiko Basozainak Elkarteak azaldu duenez, ez da nahikoa izan. Hainbat adituk arazoari aurre egiteko alternatiba bat proposatu dute: eukaliptoak landatzea pinuen ordez. Horren aurrean, basozainek salatu dute mota horretako monolaborantzek askotariko arriskuak ekarri ditzaketela: «Bertako berezko basoa, fauna eta landare espezieak bere baitan hartzeko egokia da, eta pinudi heldu bat espezie horien behin-behineko habitat bilaka daiteke, baina eukaliptoek ez daukate gaitasun hori». Are gehiago, deitoratu egin dute zuhaitz mota horiek biodibertsitatea pobretzen dutela berez: «Hemen eukaliptoaren aldeko apustua egitea gure ingurumenak duen aberastasunaren aurkako mehatxu larria litzateke».
Hori dela eta, Bizkaia eukaliptoz betetzea izango ez den bestelako irtenbide bat topatzea eskatu diete basozainek administrazio publikoei eta instituzioei. «Horretarako, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu bertako berezko baso-espezieen eta espezie horien dibertsifikazioaren alde apustua egingo duen basogintza-politika argi eta sendoa abiaraztea, izaera berreskuratzailea eta kontserbaziozkoa edo ekoizpenezkoa izango duena, edo izaera horiek guztiak elkarrekin integraturik hartuko dituena», azaldu dute.