Arboretum eremua landare-ekoizleen topagune bihurtuko da berriro ere; mundu osoko espezieak ekarriko dituzte, merkataritza-harremanak sendotzeko eta barietate horiek landatzen dituztenen artean teknikak trukatzeko helburuagaz.
Azokan ikusi eta erosi ahal izango dira espezie ugari: landare usaintsuak eta sendabelarrak, miniaturan egindako paisaiak eta egokitutako landareak (bonsaiak, landare zukutsuak...), kaktusak, teila gainean landatutako iratzeak, orkidea tropikalak, Hegoafrikako landare erraboildunak, landare haragijaleak. Horiez gainera, beste espezie asko ezezagunak dira gure ingurunean, baina landatzeko errazak. Iaz legez, aurten ere basoko hazien eta Martintxuneko foru-mintegiko landareen erakusketa bat egingo da. Mintegiko landareak interes bereziko eremuak lehengoratzeko erabiltzen dira.
Hurreratzeko erraztasunak
Bertaratuko direnek autobus-zerbitzua izango dute Leioako eta Astrabuduko metro-geltokietatik, 10:00etatik 20:00etara. Gainera, Arboretumen ondo parking bi zabalik egongo dira 10:00ak eta 18:00ak bitartean, hau da, azokako ordutegian. Gainera, antolatzaileek ibilgailu bat eskainiko diete mugikortasun murriztua duten pertsonei.
Sarrerak euro bat balio du, baina 12 urtetik beherako neska-mutilak doan sartu ahal izango dira.
Azokara joango direnek, gainera, Arboretumeko bidezidor-sareaz gozatzeko aukera izango dute. Lursail horrek 19 hektarea eta 1,700 zuhaitz ditu, bost kontinenteetatik ekarritako 130 espezietakoak. Arboretum Bizkaiko espazio naturalik garrantzitsuenetakoa da. Arboretuma 2008an inauguratu zen.
2015ean jaio zen Munduko Landareen Azoka, landare-ekoizleen topaketa bat izateko asmoagaz, munduan dauden espezie eta barietateak ezagutarazteko, eta azken hiru edizioak, publikoari dagokionez, arrakastatsuak izan dira. Merkataritza-harremanak hobetzeko erakusleiho bat eskaini gura dute eta, aldi berean, laborantza-teknikak eta -ezagutzak partekatu.